Urteko lehen elkarretaratzea egingo dute herriko pentsiodunek bihar. Saregile plazan kontzentratuko dira, ohikoa duten bezala, eguerdiko 12:00etan.
Pentsiodunek protesta ekintzak hasi zituztela zortzi urte beteko dira aurten; urtarrilaren 15ean, hain zuzen. Mobilizazioen abiapuntua 2014tik 2017ra bitartean pentsioek izandako %0,25eko igoera izan zela du gogoan Zumaiako Pentsiodunen Plataformako kide Bittor Bengoak, horrek eragindako "pentsiodunen erosteko ahalmenaren galera handiarekin". 2018an igoera bera planteatu zutela du gogoan Bengoak. "Orduan atera ginen kalera lehen aldiz, eta gure protestekin pentsioak KPIaren arabera errebalorizatzea lortu genuen", dio.
Ordutik honako aldarri nagusia hamalau ordainsariko 1.080 euroko pentsio minimoa eskatzea izan dute. Egindako mobilizazioek emaitzarik eman ez zutela ikusita, beste urrats bat eman zuten, eta eskaera berria pentsioek lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuta egotea izan zen. Horretarako, Eusko Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegilea (HEL) aurkezteko lehen pausoak eman zituzten. Bengoaren arabera, 10.000 sinadura bildu behar zituzten proposamenak aurrera egin zezan. "Bada, Euskadiko pentsiodunek 145.142 sinadura lortu genituen gure Herri Ekimen Legegileari bizitza emateko, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zedin eta, onartzen bazen, lanbide arteko gutxieneko soldata gutxieneko pentsioarekin parekatzeko. Eusko Jaurlaritza sustengatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSEk, gehiengo absolutoaz baliatuz, proposamena eztabaidatzeari uko egin zioten.
Bengoaren arabera, "iruzur demokratikoa" da bi alderdi horiek gauzatutakoa. "Ez dugu lortu gure HELa aurrera ateratzea eta borrokan jarraitu behar dugu. Milaka pentsiodun pobreziaren atalasearen azpitik daude eta bizitza duina izateko eskubidea dute. Politikariek beste aldera begiratzen badute, guk gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskatzen jarraituko dugu", azpimarratu du Zumaiako Pentsiodunen Plataformako kideak.