Garaipen eta porrot bana, xake ligen hasieran

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 12a

Pasa den larunbatean Hogarrean jokatutako jardunaldiko irudia. (Juan Luis Romatet)

Kbi xake klubeko A taldeak galdu egin zuen Euskal Ligako estreinaldiko jardunaldian. B taldeak, aldiz, garaipena erdietsi zuen Gipuzkoako Ligako Bigarren mailako jardunaldian. 

Larunbatean ekin zioten xake denboraldiari Euskal Herrian. Egun horretan jokatu zituzten Euskal eta Gipuzkoako ligetako lehen jardunaldiei maila desberdinetan. Zumaiako Kbi xake klubari dagokionez, aurten bi talde atera ditu, eta biek ere etxean jokatu zuten, Hogarrean, larunbat arratsaldean.

Kbiren A taldeak Gros B taldea izan zuen aurkari Euskal Ligako estraineko jardunaldian, eta 1-3 emaitzarekin galdu zuen. Zumaiarren aldetik, Oier Sarasketa, Juan D. Becerra, Erik Juez eta Xabier Aranzabal aritu ziren jardunaldi horretan. Lehen jardunaldiaren ondoren, zortzigarren da Kbi A puntu bakarrarekin. Datorren larunbatean Zornotzan jokatuko dute. 

B taldea, bere aldetik, Lasarte-Oriako Taula B taldearen aurka aritu zen, eta nagusitasunarekin lortu zuen garaipena, 4-0 emaitzarekin. Kbi B-rekin Fermin Lauroba, Julio Andrade, Oscar Aizpurua eta Iñaki Arrieta aritu ziren jokoan. Jardunaldia jokatuta, sailkapeneko buruan jarri dira zumaiarrak, 4 punturekin. Hondarribian izango dute hurrengo hitzordua, datorren larunbatean, Marlaxka C taldearen aurka. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide