Urte eta erdiko etenaldiaren ostean, gaurtik martxan da berriz ere Balenciaga ontziola. Gabonen aurretik sinatu zuten Zumaiako lantegiko beharginek eta Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks partzuergoak ontziolaren salerosketa, eta gaur izan du lehen lan eguna ontziolako lantaldeak.
Norvegiarako bi ontzi egiteko lan karga dute egun. Dena den, mantenu lanak egiteari ekin diote, eta horretan jardungo dute datozen asteetan. Izan ere, ontziak egiten hasteko burdina behar dute, eta material hori bi hilabeteren buruan iristea espero dute.
2024an piztu zen lan gatazka Balenciaga ontziolan. Urte hartako udazkenean, hartzekodunen lehiaketa saihesteko lehen pausoak eman zituzten. Horretarako, enpresak hartzekodunekin zituen zorrak kitatu behar zituen. Hartzekodunen gehiengoaren oniritzia jaso bazuten ere, Cofides funts publiko-pribatuak oztopoak jarri zizkion kitapenari. Horrek lehiaketara joatea behartu zuen. 2025. urtean zehar izandako negoziazioek, ordea, fruituak eman zituzten, eta 2025ko azaroan adostu zuten Balenciagaren salerosketa, 11,2 milioi euroan. Ordutik, Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks Zumaiako ontziolaren jabe berria.
Langileen adostasuna falta zen, baina. Horretarako, lan baldintzak adostu behar zituzten enpresak eta beharginek. Azken hauek, hasiera batean, ezezkoa eman zioten jabeek egindako proposamenari, baina, abenduaren 20an egindako bigarren bozketan, ezezkoa zena baiezkoa bihurtu zen. Enpresak egindako lan baldintza proposamenak soldatak %5 murrizketa jasotzen zuen, baita hiru urtez izoztuta egotea ere; 59 lanpostu mantentzea ere planteatzen zen, subrogatuta; akordio horretatik kanpo geratu dira lantaldea osatzen duten beste zazpi langileak, errelebo kontratuekin edota erretiroa hartzeko adinean daudelako. Sinatutako ituna 2028ra arte egongo da indarrean, eta langile batzordek azaldu duenez, bonus sistema bat ere negoziatuko dute.