Zumaiako Korrika Batzordeak bihar egingo du bigarren bilera irekia

Maria Maya Manterola 2026ko urtarrilaren 13a

23. Korrika Zumaiatik pasatzen. (Maria Maya Manterola)

Martxoaren 25ean igaroko da 24. Korrika Zumaiatik. Egun horretara bitarte edo egun horretan bertan antolatu daitezkeenen inguruan arituko dira bihar bilera irekian. 

Martxoaren 19an Atharratzetik abiatuko da 24. Korrika, hamar egun beranduago Bilbora heltzeko. Tartean Euskal Herriko herri eta auzoak zeharkatuko ditu euskararen aldeko egitasmo erraldoiak, baita Zumaia ere: martxoaren 25en iritsiko da herrira, 17:09 aldera. 

Korrikaren harira herrian antolatu daitezkeenen inguruan aritzeko, bigarren bilera irekia izango da bihar, urtarrilak 14, 17:00etan Igor AEK Euskaltegian. Azaldu dute guztion ekarpena eta ahalegina beharrezkoak direla Euskal Herri euskalduna lortzeko. Horrez gain, euskararen lekukoa Atharratzetik Bilbora guztion esku eta oinei esker eramango dela ere azpimarratu dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide