Espainiako Zinema Akademiak atzo eman zituen jakitera Goya sarietarako izendapenak. Otsailaren 28an egingo dute sariak banatzeko gala Bartzelonan, eta hautagai horien guztien artean bi zumaiar izango dira, Kandido Uranga eta Elena Irureta, hain zuzen.
Taldeko gizonezko aktore onenaren sarirako hautagaietako bat da Uranga, Maspalomas filman egindako lanagatik. Xantiren papera jorratu du hark Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filman, Vicenteren (Jose Ramon Soroiz) gelakidea adinekoen egoitza batean. Maspalomas iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail Ofizialean, eta Soroizek Zilarrezko Maskorra jaso zuen film horretan egindako lanagatik. Orain, bederatzi Goya saritarako hautagaia da Arregiren eta Goenagaren filma.
Elena Irureta, bere aldetik, taldeko emakumezko aktore onenaren sarirako hautagaia da Goya sarietan. Eva Libertad zinemagileak zuzendutako Sorda filman egindako lanak tarteko da Irureta sari hori jasotzeko hautagai. Haurdun geratu den emakume gor baten zalantzak kontatzen ditu filmak. Irureta Elvira da pelikula horretan, filmeko protagonista den Angelaren (Miriam Garlo) ama.
Zumaiako bi aktoreak Feroz sarietarako hautagai ere badira, bi film horietan egindako lanagatik.