Denboraldi berriari ekin diote eskualdeko xake klubek

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 14a

Zumaiako Kbi xake klubeko jokalariak, pasa den larunbatean jokatutako lehen jardunaldian. (Juan Luis Romatet)

Eskualdeko lau herritako xake klubek hasi dituzte ligak. Euskal Ligan arituko den Zumaiako Kbiko A taldea izan ezik, gainontzekoak Gipuzkoakoan lehiatuko dira.

Peoiek pausoak banan-banan ematen dituzten bitartean, dorreek eta alfilek korrika saio luzeagoak egiten dituzte taulan zehar; zaldia, bere aldetik, saltoka aritzen da; eta erregina zelatan egoten da, atzealdean patxadatsu dagoen erregea defendatzen. Urte berriarekin batera abiatu dituzte xake ligak eskualdeko klubek, eta horrekin batera jarri dituzte piezak dantzan taula gainean. 

Urola Kostako lau herritan dituzte gaur egun xake klubak: Anaitasuna Kakute Azkoitian, Domusa Teknik Azpeitian, ZKE Zarautz kostaldeko herrian eta Kbi Zumaian. Azken elkarte horretako A taldea izan ezik –Euskal Ligan ari da lehiatzen–, gainontzeko guztiak Gipuzkoako Ligako maila desberdinetan arituko dira. 

ZKE Zarautzek hiru talde aterako ditu aurten: bat Preferente Mailan, eta bi Hirugarren Mailan. A taldeak garaipena erdietsi zuen Hondarribia Marlaxka B-ren aurka; B eta C taldeak, bere aldetik, elkarren aurka aritu ziren, eta B taldea izan zen irabazle. Azpeitiko Domusa Teknik taldea, berriz, Hirugarren Mailan lehiatuko da. Lehen jardunaldian, Tolosaren aurka galdu egin zuen.

Urte gutxian goruntz

Urte gutxiko epean lortu du Zumaiako Kbi xake klubak bere talde bat Euskal Ligara eramatea. Akaso kluben artetik gazteena izango da –2018. urte amaieran sortu zuten–, baina urtez urte izandako emaitzei esker, behetik gora eginda lortu du Euskal Ligara igotzea. Hala, denboraldi honetan lehen mailan arituko da. Lehen jardunaldian, Donostiako Gros B taldearen aurka 1-3 galdu zuten taldekideek, baina, hala ere, ez dute baztertzen aurten ere igoeraren borrokan aritzea. "Horretarako taldea badugu", azpimarratu du klubeko presidente Aitor Sarasketak. "Bi talde igoko dira, eta gauzak ondo ateratzen badira, uste dut aukerak izango ditugula. Borroka horretan egoteko asmoa badugu, behintzat", gaineratu du. 

Aurreko denboraldietan hiru talde plazaratu ditu Zumaiako xake klubak, baina aurtengoan bik jantziko dute Kbiren kamiseta. Bigarrena Gipuzkoako Ligako Bigarren Mailan arituko da, eta presidentearen arabera, "gazteek eta beteranoek" osatuko dute. Sarasketaren esanetan, ez dute lortu jokalari gazteak fidelizatzerik, eta, horregatik, Hirugarren Mailan aritzen zen taldea desegin egin behar izan dute. "Ikastaroak emateko irakaslerik ere ez dugu lortu, eta gazte askok utzi egin dute", azaldu du.

Maila mantentzea helburu

Azkoitiko Anaitasuna Kakute klubak ere bi talde atera ditu aurten; biak Gipuzkoako Ligan arituko dira, Preferente Mailan A taldea, eta Bigarren Mailan B taldea. Lehenak garaipena erdietsi zuen Astigarraga A-ren aurka, eta galdu egin zuen bigarrenak, Elgoibarko Olan Arkitekturaren aurka.

Klubeko presidente Jose Luis Fernandezen arabera, denboraldi berrirako jarritako helburua mailari eustea izango da. "Liga prestatzerakoan, federatuen zerrenda egin genuenean –27 lagun genituen– eta ikusita zer kalitate zuten, harrotu egin ginen. Baina kontuan hartu behar da jokalariek beraiek zer prestutasun duten. Horregatik, mailari eustearekin pozik geratuko nintzateke", adierazi du.

50 bat lagunek osatzen dute Azkoitiko kluba, eta "giro ezin hobea" dute. Fernandezen esanetan, giro on hori izatea ezinbestekoa da jokalariek klubean jarrai dezaten. "Giro txarra badago, jokalariek alde egiten dute". Beste kirol masibo batzuen aurrean, izan futbola ala saskibaloia, xakeak zereginik ez duela iritzi dio Azkoitiko klubeko presidenteak. "Baina behin xakean hasten direnean, geratu egiten dira jokalariak", zehaztu du.

Xakean aritzeko edo laguntzaile izateko jende faltarik ez dutela dio Fernandezek. Oso bestelakoa da egoera, ordea, zuzendaritzak osatzerakoan. Fernandezen iritziz, "inork ez" du zuzendaritzetan sartu nahi. "Lan asko ekartzen du, eta Eusko Jaurlaritzak, aldundiak edo federazioek traba asko jartzen dituzte. Pena ematen du horrek". Anaitasuna Kakutekoak, bere aldetik, kluba gidatzen "gozatu" egiten duela esan du. "Une txarrak igaro ditut, baina jende honekin eta jende honentzako lan egitea gozamena da".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide