Duela lau hamarkada pasatxo, 1984ko uda ahaztezin hartan, Zumaiako orduko bizilagunek bazekiten elkar ikusiko zutela, iluntzea heltzearekin batera, Foruen Plazan, udaletxearen aurrean. Telmo Deun traineruak marka guztiak hautsi zituen urtea izan zen; denboraldiko estropada guztiak irabazi zituen –bi bandera ere bai arraunlari talde berak egun bakarrean–, eta asteburuero egiten zieten arraunlariei harrera udaletxean. Javier Carballok ateratako argazkiak dira harrera haien lekuko: ehunka lagun biltzen ziren plazan, eta haien artetik igarotzen ziren arraunlariak, irabazitako banderak eskuetan zituztela.
"Asteburu guztietan izaten ziren harrerak, noski, irabazi egiten genuelako", laburbildu du Luis Mari Goikoetxeak (Zumaia, 1949). Arraunari lotutako bizitza da Goiko-rena. Arraunlari izana gaztetan, soldadutzara joan aurretik Aita Mari elkartea sortu zuen taldeko kidea izan zen, eta urte askoan arraun elkarteko presidentea ere bai. Zumaiako arraun elkartearen mende erdia ospatzeko antolatutako bazkariaren bezperan elkartu da Gukarekin, orduko pasadizoak kontatzeko. "Istorio polit asko daude, baina ezin denak buruan gorde", dio ebakiari bueltak ematen dizkion bitartean.
Aita Mari elkartea sortu aurretik ere herrian arraun giroa bazegoela gogoan du Goikoetxeak. "Iñaki Yeregi, Jose Ignacio Apestegi eta beste batzuk aritzen ziren; 1960ko hamarkada-edo izango zen", dio. Joseba Sasiainekin arraunean aritua, soldadutzara joan behar izan zuen 1971an. "Handik bueltan elkartu ginen kuadrilla bat arrauna aurrera ateratzeko asmoarekin", dio. Elkartea sortu ahal izateko "norberak bere poltsikotik" dirua jarri behar izan zuela dio. Beharrezkoa zen diru kopurua lortuta, 1975ean ekin zioten Aita Mari arraun elkartearen ibilbideari, "abuztu batean". Egun dagoen leku berean ireki zuten egoitza edo elkartea, San Telmo kalearen behealdean, eta Fernando Gajate izan zen lehen presidentea. Handik urte batzuetara hartu zuten Goikok haren lekukoa.
Lehen urte haietan batel eta trainerilletan aritu zirela dio, "batetik eta bestetik lortutako ontziekin", eta 1978an erosi zuten lehen trainerua. "Santurtzitik [Bizkaia] ekarri genuen. Beraiek nahi ez zuten ontzi bat zen, eta orduan atera genuen lehendabizikoz trainerua". Aurretik ere Zumaia ordezkatu zuten traineruak izan ziren, baina Bizkaitik ekarritako ontzi harekin hasi zen arraunaren aro modernoa Zumaian. "1978an uretaratu zuten lehendabizikoz, eta harrezkero inoiz ez dute lehorrean utzi. Marka da hori. Beste klub batzuek ez dute trainerurik atera urteren batean, baina ez da hori gertatu Zumaiarekin", goraipatu du Goikoetxeak. "Okerrago edo hobeto, sailkapenean gorago edo beherago", baina txalupa urtero-urtero uretaratu dutela azpimarratu du. Izan ere, bere esanetan, "behin lagatzen baduzu, zaila da berriro ateratzea".
Presidente ohiaren esanetan, herriko gazteek osatzen zuten lehen urte haietan Telmo Deun traineruko eskifaia. "Tito Mancilla etorri zen Zarauztik, eta harekin hobetzen hasi ginen. Antonio Oliden zenak ere laguntzen zion". Mancillak ekarri zuen Zumaiako arraunaren historiako zutabetako bat: Luis Mari Olasagasti Luxia. "Hark esan zigun bazuela lagun bat hona etor zitekeena. Luxia zen. Garbi esan genion hemen dirurik ez zegoela", dio Goikoetxeak, irribarre batekin. Olasagasti izan zen Telmo Deunen entrenatzaile Zumaia itsasoan jaun eta jabe izan zen urteetan.
Zumaiaren izena badarama ere, bailarako trainerua izan da betidanik Zumaiakoa, bai orduan, baita orain ere. "Herriko jende asko zegoen orduan. Etxabe anaiak, Agerre, Ardantza... mordoxka. Gero, gauza bat dela edo bestea dela, barrualdeko jendea etortzen hasi zen", dio Goikoetxeak. Azpeititik –Urrestillatik ere bai–, Azkoititik, Zestoatik zein Errezildik etorritako gazteak hasi ziren Zumaian arraunean. "Matxinbentako bi anai ere etorri ziren; mendian bizi ziren, eta harrituta geratzen nintzen ikusita nola etortzen ziren handik hona, arraun egitera", dio, oraindik txundituta. "Gustura aritu ziren hemen, eta gu ere halaxe egon ginen beraiekin eta egiten zuten lanarekin. Hemen hasi ziren arraunean, hemen ikasi zuten".
Trainerua lehendabizikoz uretaratu eta hiru urtera irabazi zuen Zumaiak lehendabiziko bandera, Villa de Bilbao ospetsua. "Zumaiak traineruetan ez zuen banderarik ordura arte, eta hura izan zen lehendabizikoa. Joseba Aristi izan zen patroia; oso patroi ona zen". Goikoren esanetan, sekulakoa izan zen urte hartan Bilbon gertatutakoa. "Orduan eskuz hartzen ziren denborak. Ikusi nuen Kaikuri segundo bat atera geniola, baina, hala ere, klubeko beste lagunei lasai egoteko eskatu nien epaileek denborak eman arte. Esan zutenean guk irabazi genuela, zoramena izan zen. Han ibili ginen Bilboko udaletxean argazkiak-eta ateratzen". 44 urte geroago, aurtengo abuztuan, klubak mende erdia bete duen hilean bertan, bandera bera irabazi du Telmo Deunek, ligako azken estropadan, zirkulua nolabait itxiz.
Bilboko garaipenak eman zion hasiera Zumaiaren urrezko aroari. Goikoren iritziz, "hor hasi ginen pixkanaka gorantz, eta 1980ko hamarkada gurea izan zen; garbi dago hori". Urte gutxitan, Kontxako bi bandera irabazi zituen Zumaiak, 1984an lehena eta 1987an bigarrena. "Klaudio Etxeberria Gorria izan zen patroia lehenengoan, eta Edu Aristi bigarrengoan". Hamarkada hartan, 1983an, hirugarren aldiz Kontxa irabazteko hautagai nagusietakoa zen Zumaia, Sestaoko [Bizkaia] Kaikurekin batera, baina herriko arraunaren memorian iltzatutako afera gertatu zen: galerna bortitz batek kolpatutako sailkatze estropadan izandako akats bat zela medio, epaileek Orio sartu zuten urte hartako Kontxako estropadan, askoren ustez denbora hobea egin zuen Pedreña kantabriarraren ordez. Horren aurrean, lehen jardunaldian, Oriorekin lehiatu behar zuten Castro, Kaiku eta Zumaia estropada eremuan gurutzatu ziren, eta kanporatu egin zituzten. Irabazi ez izanagatik "damurik ez" duela dio Goikoetxeak. "Urte hartan Kontxa irabazi izan bagenu, denboraldia amaitzean batzuek taldea utzi egingo zuten, eta hurrengo urtean ezin izango genukeen erakutsitako nagusitasuna izan".
1984a urte historikoa izan zen Zumaiako arraunarentzako, eta ez soilik herriko traineruak Kontxako lehen bandera irabazi zuelako, baita lehiatutako estropada guztiak irabazi zituelako ere. Urte hartan, 30 estropadatan parte hartu zuen Telmo Deunek, eta denak irabazi zituen. "Istorio ederrak badaude hor", dio presidente ohiak, eta Galiziara egindako bidaia ekarri du gogora. "Coruñara [Galizia] joan ginen, Teresa Herrera estropada jokatzera. Goizean hura irabazi genuen, eta arratsaldean Castropolera [Espainia] joan ginen. Bada, arratsaldeko estropada ere irabazi egin genuen, eta, gainera, urte askoan hautsi gabe egondako marka hautsi eta berria jarri genuen".
Kantauriko uretan erakutsitako nagusitasun haren atzean faktore garrantzitsu bat zegoela uste du Goikok: "Kuadrilla ona genuen, langilea, sakrifikatzen zekiena". Eskifaiaren zati handi bat baserriko jendea zela dio presidente ohiak. "Sakrifikatzen zekiten, eta indarra izugarri zuten. Esandakoa egiten zuten. Luxia errietan hasten zenean, bete beharko esaten zuena!", dio, barrez.
Behin 1987ko Kontxako bandera irabazi eta gero, kuadrilla hartako partaide askok arrauna utzi egin zuten. "Hori Frantziako Tourra irabaztea bezala da. Behin Tourra irabazi ondoren, zer egingo duzu? Zer egin, heldu nahi zenuen lekura heldu zarenean?". Handik aurrera, urte askoaan, txalupa ateratzea bera izan da helburua.
Ordutik hona, emakumeek eman dizkiote pozik handienak herriko arraunzaleei, eta 2013an lortutako Kontxako garaipena da horren adibide garbiena. Urte hartan estropada bakarra galdu zuten zumaiarrek. Kontxa berriro irabaztea "sekulakoa" izan zela dio Goikok. "Zoratzen egon ginen", jarraitu du. Saregileak aurten lehiatu dira berriro ere lehen mailan, Euskotren ligan, iaz mailaz igo ondoren. Mailari eustea bakarrik ez, sailkapenean laugarren izatea lortu dute Zumaiako emakumeek. "Aurten ere kristoren denboraldia egin dute, eta urte batzuetan hor goian jarraitzen badute, izugarria izango da".
Etorkizun beltza, argiago
Gorabeherez betetako mundua da arraunarena eta Zumaiako arraun elkarteak ere ez ditu krisialdiak ekidin mende erdi honetan. Arraun elkartea Aita Mari izenarekin hasi bazen ere, Telmo Deun arraun elkartea bihurtu zen 2008an, elkarte gastronomikoak eta arraun elkarteak loturak hautsi ondoren. Krisialdi larriena, ordea, iazko udazkenean gertatu zen, arraunlariek orduko zuzendaritzaren dimisioa eskatu zutenean. Gizonen trainerua Eusko Label ligara igotzeko play offera apuntatu ez izana egon zen erabaki horren atzean. Justu, gizonen txalupak azken urteotako denboraldi onena egin zuen iaz eta, KAE1 ligan bigarren egin bazuen ere, ezin izan zuen igoerako play offean aritu. Horrek harridura sortu zuen arraun munduan, baita haserrea ere arraunlarien artean. Ia 50 urtean urtero trainerua uretaratu ondoren, zintzilikatuta uzteko ordua heldu ote zitzaion Telmo Deun historikoari?
Arraunlariek egindako eskaera haren ondorioz, orduko zuzendaritzak dimisioa eman zuen, eta arraunlari beraiek hartu zuten elkartearen arraun luzea, batzarrean bildutako bazkideen oniritziarekin. Aitor Manterola Zumaiako Udaleko kirol zinegotziak urriaren 18ko bazkarian adierazi zuen bezala, horrek ere bakarra egin du Zumaia, "arraunlariek eurek kudeatzen dutelako elkartea".
Eñaut Larrañaga (Azkoitia, 1995) da zuzendaritzako kideetako bat. Arraunlaria ere bada Larrañaga, duela hamabost urtetik. "Barrualdekoa izanda, gure herrian beti izan ditugu futbola eta pilota. Baina, haietaz nazkatu nintzen, arrauna ikusten nuen telebistan, eta gertuen Zumaia nuenez, han hasi nintzen", dio azkoitiarrak. 1980ko hamarkada hasiera hartan herrikide askok egindako bidea jarraitu du Larrañagak, eta egun ere bailarako klub bezala har daiteke Zumaia. Horren erakusgarri da Zumaia bertako arraunlari bakarra dagoela emakumeen traineruan, eta hiru besterik ez direla herritarrak gizonezkoen txalupan.
Zuzendaritzara heldu zirenean, Itsas Kiroldegiko bulegoan aurkitu zuten panorama ez zen "egokiena" izan. Une hartan klubaren egoera "beltza" zela dio Larrañagak. "Egia esanda, kluba gaizki zegoen". Egoera ekonomikoari buelta emateko eta herrian arraunaren zaletasuna areagotzeko lanei ekin zieten. Zentzu horretan, urtean zehar hainbat proiektu abiatu dituztela azaldu du. "Pixkanaka ari gara buelta ematen, eta urtebete geroago kluba dezente hobeto dagoela esango nuke", adierazi du Larrañagak.
Telmo Deun arraun elkartearen osasunak hobera egin badu ere, arraun munduaren egoera kritikoa dela uste du azkoitiarrak. "Arrauna ondo ez dago", bere iritziz. "Taldeak ezin osatuta ibiltzen gara, eta gero eta zailtasun handiagoak jartzen dizkigute. Ekonomikoki ere ez dago ondo, eta jasotzen ditugun laguntzak ez dira asko". Larrañagak penaz dio erakundeek eta arraun federazioak gero eta traba gehiago jartzen dizkietelako. "Lagundu beharrean, trabak jartzen dizkigute".
Horiek horrela, uste du telebistaren bidez ematen dituzten arraunketa saioak errealitatea, hein batean, desitxuratuta erakusten dutela. "Ematen du arrauna TKEko estropadak besterik ez direla. Foku guztiak horra begira jartzen dituzte, eta diru ere hara bakarrik joaten da". Kexu da bigarren mailan aritzen diren traineruek ez dutelako lekurik pantailatan. "Komunikabideek pixka bat gehiago bultzatuko balute, indar handiagoa hartuko luke arraunak", dio Larrañagak.
Mira udako hiru hilabeteetan bakarrik jartzen dela gaitzetsi du arraunlariak, lanean urte guztia pasatzen duten arren. "Lanik zailenak azaroan hasten dira hemen", esan du. Arraunerako jendea topatzea asko kostatzen zaiela ere gaineratu du. "Asko eskatzen duen kirola da arrauna. Azaroan hasten gara eta hurrengo urteko irailera arte jarraitzen dugu lanean. Gogorra da, baina gu hemen bagabiltza, seinale arraunak zerbait duela", onartu du azkoitiarrak.
Azken urteak zailak izan dira Zumaiako arraunlarientzat, uretan zein bulegoetan, eta testuinguru horretan, klubeko gizonek aurten Bilbon lortutako banderak –iaz Hondarribian ere beste bandera bat irabazi zuten– "poz handia" eman diela onartu du zuzendaritzako kideak. "Denboraldi hasieran helburu batzuk jarri genituen, eta haiek bete ez genituen sentipena genuen". Behea jota zeudela aitortu du Larrañagak, triste. "Urte zaila izan da eta ligako azken estropadan bandera irabaztea sekulakoa izan da. Ikusten genuen errekan ondo genbiltzala, talde polita genuela, baina eman genuen kolpe hura ez zuen inork espero, ez guk eta ez beste inork".
Min guztiak baretzen dituen ukendua izan da garaipen hura, eta, akaso, arrauna uzteko burutazio asko uxatu dituen sendagaia ere bai. "Uda ondoren jarraitu edo ez zalantzak izaten dituzte arraunlari batzuek, eta hor ateratzen da txalupa zintzilikatzearen ideia. Gero, azaroa heltzean, beti inguratzen da jendea". Datorren denboraldira begira taldea osatzen ari direla dio Larrañagak. "[Gizonen trainerurako] Entrenatzaile berria ekarri dugu –Mikel Portularrume aiarra–, eta prestatzailearen kontratazioa ixten ari gara. Taldea oraindik ez dugu guztiz osatuta, baina ez du itxura txarra".

