"¡Hay que recordar!", dio Jose Sacristanek El viaje a ninguna parte (1986) filmean interpretatzen duen pertsonaiak. Fernando Fernan Gomezek zuzendutako filma da, eta, aldi berean, izen bereko eleberrian oinarritua.
Gerraostean girotuta, garaiko Espainiako herri babesgabeetan zehar bizirauten duten komiko ibiltarien konpainia baten gorabeherak ditu ardatz.
Pedro Iturraldek sinatu eta interpretatutako soinu bandarekin, Goya sarien lehen edizioko irabazle nagusia izan zen filma, eta eszena boteretsu eta mitiko kontaezinak ditu, joan den mendeko gerraostean girotuta egon arren, aipatzen diren gaiak ez baitira gaurkotasunetik hain urrun. Egia esan, beti egon diren gaiak jorratzen ditu lanak: antzerkiari eta ahaztutako aktoreei omenaldia; memoria partekatua eta aztarna ikusezina baina benetakoa utzi zutenei aitortza, beste batzuk, geroago, garai haietan aitzindari izan zirenek zabaldutako bide haietatik igaro daitezen.
Eta aztarna ikusezin baina benetakoa, gogoratzeko eta aitortzeko modukoa, ZUMBeko lehen emakumeak dira: Mentxo, Marije, Karmele, Lore, Dolo, Uxua, Kontxi eta Marijo.
Vicente Aizpuruak egindako argazkiak garrantzi historikoa du: 1980an Zumaiako Musika Bandan sartu ziren lehen emakumeak dira. Egoera hartan aipagarriena zera zen: ordura arte emakumeak ezin zirela bandako kideak izan, eta testuinguru bati ikusgarritasuna emateko balio izan zuela egoerak. Haien ondoren, beste emakume batzuek ordura arte eskuraezina zen ingurune hartara iritsi ahal izateko aukera izan zuten.
Hala ere, horrek ez zuen esan nahi musika tresna aukera zezaketenik –1970eko hamarkadaren amaieraz ari gara–. Aurretik txistua ikasten zen, eta ondoren, beste instrumentu batekin praktikatzen hasteko zozketa egiten zen. Mutilek eskaintzen ziren instrumentu guztiak aukera zitzaketen bitartean, neskei klarinetearen eta saxofoiaren artean bakarrik uzten zitzaien aukeratzen. Hala, estreinako emakumeak bandakide bihurtu zirenetik, beste hamarkada bat inguru igaro zen metalezko lehen emakume instrumentistak izan arte: Nagore eta Miriam, tronboiarekin. Eta emakumea perkusio atalean ikustea, aldiz, milurteko aldaketak ekarri zuen.
Gertaerak beste kontu batzuk ere ekarri zituen berekin, tartean uniformea. Beste musika banda batzuetan batere erosoa ez zen gona erabiltzen zuten bitartean, Zumaian galtza-gona aukeratu zuten. Erdi Aroko jantzia (noblezia japoniarraren kutuna), 1911n, munduko ia inon emakumezkoen sufragiorik ez zegoenean, halako zirrara eragin zuena eta gizonezkoen unibertsoaren eraikin sendoa dardarkada jarri zuena. Itxuraz kaltegabea eta emakumeei erosotasun handiagoa ematen zien jantzia zen. Garai hartan, galtza-gonak sufragisten manifestazioek bezainbeste egin zuen emakumearen eskubideak zabaltzeagatik.
Bandara itzulita, emakumea musikaren testuinguru horretan sartzeak bandaren kideak ugaritzea ere ekarri zuen –1980ko hamarkadaren amaieran ZUMBek 60 musikari inguru zituen–, baita erakundearen berpiztea ere. Akademia propioa eratu zen harrobia sortu ahal izateko. Horrek leku egokia eskatzen zuen jarduerak garatzeko. Udaletxearen atzean entseguak egitetik –Benito "zapateroak" negozioa zuen goian–, Foronda jauregira pasatu ziren, eta handik gutxira Zumaienako antzokira (Maria eta Jose ikastetxea garai hartan). Eta San Pedro ikastetxea behin betiko itxi ondoren, 1992an, Ubillos jauregira; bandak kapera eta hainbat espazio eskatu zizkion udalari, lanak behar bezala egiteko: entseatzeko eta ikasteko lokalak, artxibo biltegia, bulegoa... Musika Bandak atea ireki zion Ubillos jauregiak izan duen musika ibilbideari, Komentura joan den arte.
Taldean sartu ziren lehen emakume haiek bandaren bilakaera azkarra ekarri zuten, eta beste ikuspegi batzuk ere bai, musika banden ohiko papera betetzeaz gain. Garai hartako soinu banda Martin Alonso Perezen Club Amigos de Radio Andorra pasodoble martxa zen, herritar batek baino gehiagok tarareatuko duena. Hori zen bandak kalejiran ateratzen zen bakoitzean jotzen zuena.
Gainera, Udako Musika Jaialdiaren hasierarekin bat egin zuen, garai hartan oso garrantzitsuak izan baitziren antolatzen ziren udako ikastaroak. Taldea elkarte gisa eratu zen eta elkarteen erregistroan izena eman zuen; lehen saria lortu zuen Euskal Herriko Musika Banden VII. Lehiaketan (1998an). Hainbat jarduera jarri zituen martxan eta forma eman zitzaien horiei: Makro Banda Miquel Rodrigorekin – Zaragozako Goi Mailako Kontserbatorioko zuzendaritza irakaslearen zuzendaritzapean–; XXII. Zumaiako Nazioarteko Musika Jaialdiaren barruan, ZUMB Metal; Klarinete Maratoia; hiru CDren grabazioa: Aro berriak lagun artean (2006), ¡Gora Zumaia! (2007) eta Suite (2013), San Pedro abesbatzarekin; Gipuzkoako hainbat herritan jotzeaz gain, Alcañiz (Espainia) eta Cheste (Herrialde Katalanak) herrietara joan zen kontzertuak eskaintzera; eta Gabonetako Kontzertu Solidarioekin ere hasi zen, herrialde desberdinetan zumaiarrek gidatutako garapen proiektuak ezagutzera emanez. Musika Bandako lehen emakume haien ondoren taldeak izan zuen bilakaera azkarrari esker ere, bandako hainbat emakumek musikako ikasketa profesionalak egin dituzte (estatistikoki, gizonezkoek baino gehiago).
Anne O'Brien (Women, Inequality, and Media Work, 2019, Routledge) akademiko irlandarrak zinema industriako sexismoari buruzko ikerketa batean dioen bezala, argi izan behar da zer aldatu behar den industrian eta nolakoa izan behar duen aldaketak, zinema ekoizpenak benetan emakumeak bere gain har ditzan. Gainera, dokumentatzearen garrantzia azpimarratzen du. Baieztapen hori musika mundura estrapola daiteke, oro har, eta musika banden mundura bereziki. Apur bat gehiago 'afinatuz', Gipuzkoan beti erreferente izan diren musika bandek ez dituzte emakumeak zuzendari gisa sartu milurteko honetara arte; Irunen 2019an, Tolosan 2014an, Elgoibarren 2018an edo Zumarragan 2022an, batzuk aipatzearren. Zumaian, aldiz, 1996an egin zen urrats hori. Lehenengo emakume haiek zerikusi handia izan zuten. Jose Sacristanen pertsonaiak esango lukeen bezala, "gogoratu egin behar da!".
Bide batez, zenbat emakumek nahi izango zuketen Musika Bandako kide izan argazki honen aurretik?