Arrakastatsuak ari dira suertatzen Komentuan egindako eraberritzea ezagutzeko antolatutako bisita gidatuak. Pasa den udazkenean zabaldu zutenetik, hilero egin dituzte aipatu bisitak, eta urtarrilerako lotutakoekin berdin gertatu da: hitzordu guztietarako lekuak beteta daude dagoeneko. Horregatik, herritarren jakinminak bere horretan jarraitzen duela ikusita, beste bisita sorta bat antolatu du Zumaiako Udalak datozen bi hilabetetarako.
Otsailean zein martxoan launa bisita izango dira, denak ere ostiral arratsaldetan, 17:00etatik aurrera. Otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an egingo dituzte; martxoan, berriz, 6an, 13an, 20an eta 27an. Denak ere euskaraz izango dira, otsailaren 20 eta martxoaren 20ak izan ezik; bi horiek gaztelaniaz izango dira.
Otsaileko bisitetarako izen ematea otsailaren 2an zabalduko dute, 09:30etik aurrera, eta martxokoak hilaren 2an, ordu berean. Izenak Alondegia kultur etxean emango dira (943-86 1056/alondegia@zumaia.eus). Gonbidapenak doan izango dira, eta pertsonako bi gonbidapen gorde ahal izango dira, bisitak talde mugatuetan egingo dituztelako.