Nondik datorkizu argazkilaritzarako zaletasuna?
Esango nuke amarengandik datorkidala. Asko gustatzen zitzaion argazkiak ateratzea, eta nik, zer ikusi, hura ikasi; argazki kamera txiki bat neukan eta harekin ibiltzen nintzen. Gero, Errealizazio eta Zinema ikasketak egin nituen Andoainen [Gipuzkoa], eta orduan hasi nintzen bideo kamera erabiltzen; Erlo Telebistan aritu nintzen lanean asteburuetan, bost edo sei urtez. Banuen, ordea, argazkilaritzan gehiago sakontzeko gogoa, eta ikusi nuen Distira elkartean banuela aukera hori. Duela hamabost bat urte edo hasi nintzen elkarteak antolatzen zituen jardueretan parte hartzen.
Argazkigintza sekula izan al duzu ogibide?
Erlo Telebistako lana bukatu zitzaidanean, kamera bat erostea pentsatu nuen, argazkiak egiteko zein irudiak grabatzeko balio zuen reflex bat, eta harekin hasi nintzen gauzatxo batzuk egiten, batez ere neuretzako eta ingurukoentzako. Gero, Nafarroara joan nintzen bizitzera, hamar urte egin nituen han, eta beste lan batekin bateratuz, argazkigintzan ere aritu nintzen. Enpresa bat sortu nuen, eta argazkiak egiteaz gain, ikastaroak ere ematen nituen. Gaur egun, ordea, oso zaila da argazkilaritzatik bizimodua ateratzea, faktore asko behar dituzu alde, eta azkenean, Donostian beste lan bat eskaini zidatenean, hura uztea erabaki nuen.
Gustuko al duzu lehiaketetan parte hartzea?
Ez pentsa, ez naiz lehiaketen oso zalea. Distirak antolatzen dituenetan parte hartzea gustatzen zait, eta bikotekideak ere zaletasun bera duenez, asteburuetan hara eta hona ibiltzen gara eta argazki rallyetan-eta parte hartzen dugu, baina iruditzen zait lehiaketen mundu horretan faltsukeria dagoela; alegia, jendeak ez dituela norberari gustatzen zaizkion argazkiak egiten, egun horretan epaimahaian daudenei gustatuko zaizkienak baizik. Beraz, lehiaketetan parte hartzen dut, baina ez irabazteko helburuarekin; gehiago dira aitzakia bat igande goiz batean argazkiak ateratzen aritzeko. Erronka moduan hartzen ditut lehiaketak, eta neuri gustatzen zaizkidan argazkiak egitera joaten naiz.
Ba al daukazu garaipen kutunen bat?
Lizarrako argazki rallyaren egunaren oso oroitzapen onak ditut. Rallyetan, normalean, gaiak kontzeptuak izaten dira; egun horretan, ordea, esaldiak jarri zituzten gaitzat. Jendeari atzerakada eragin zion horrek, baina niretzako izugarria izan zen; nire sormena piztu zuen horrek, ikaragarri gozatu nuen, eta irabazi egin nuen.
Argazkiak zeri ateratzea gustatzen zaizu?
Edozeri, gauza guztietan eta toki guztietan ikusten dut zerbait argazki bat egiteko modukoa. Hala ere, eta batez ere, materia harrapatzea gustatzen zait, mugimendua eta horrelakoak, eta light painting-ak horretarako aukera ematen dit.
Zer da light painting-a?
Argia mugimenduan harrapatzeari esaten zaio light painting. Argiaren arrastoa jasotzen da esposizio luzeko argazkiak eginda, eta gauez edo behintzat argi gutxi dagoenean erabiltzen den teknika da.
Zure lanak erakutsi izan al dituzu noizbat?
Bai. Kongresu guztietara joaten hasi ginen, jendea ezagutzen, eta horri esker jarri izan dituzt erakusketak Galizian, Valentzian [Herrialde Katalanak], Iruñean, Eibarren [Gipuzkoa], Zumaian eta abar.
Noiz arte jarraituko duzu argazkiak egiten?
Ez daukat lagatzeko asmorik. Inoiz baino argiago daukat zer argazki mota egin nahi dudan, eta baita ez dudala jardungo besteei gustatzeko ere. Iruditzen zait sartuta gaudela besteei gustatzeko gauzak egiten ditugun gurpil batean, eta ni justu beste muturrean nago; nire gustuko argazkiak egin nahi ditut, ez besteen gustukoak.