Laboaren txoriak

Txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla)

Imanol Manterola 2026ko urtarrilaren 24a

Argazkia: Imanol Manterola.

Urtarrileko Zumaia Guka aldizkariko Laboaren txoriak ataleko edukia da honakoa. 

Tamaina txikiko txoria da txinbo kaskabeltza, eta gurean urte osoan ikus daiteke. Txinbo espezieen artean, bera da ugariena, eta migratzaile partziala denez, esan daiteke udaberrian horien kopurua nabarmen handitzen dela Euskal Herrian. Baso eta sastraka artean ezkutatzea maite du, baina zoru eta landaredia trinkoa duen edozein gune aprobetxatzen ditu, hala nola parkeak, lorategiak eta fruitu baratzeak.

Arrak eta emeak oso antzekoak dira, baina badute ederki bereizten dituen ezaugarri bat. Oro har, bizkarralde gris arrea eta sabel aldea zurbilagoa dute biek, mokoa eta hankak ere gris tonu desberdinetakoak, baina zera da desberdintasun nabariena: buruan txano beltza du arrak; emeak, berriz, marroi-gorrixka.

Kantari alaia eta oso aktiboa da txinbo kaskabeltza, adarrez adar etengabean mugitzen den horietakoa. Era guztietako intsektuak jaten ditu, baita fruituak ere, garaian garaikoak.

Horien ugalketa garaia martxoan-apirilean hasten da: emeak 4-5 arrautza erruten ditu, eta bien artean inkubatzen dituzte 12-14 egunez. Txitek habia uzten dutenean, gurasoek beste aste batzuetan elikatzen jarraitzen dute. Beste izen batzuk ere baditu txinbo kaskabeltzak: pikutxori, sasitxori, tximutxa...

Luzera eta hego zabalera: 13 zentimetro eta 20-23 zentimetro.

Argazkia: Imanol Manterola.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide