Feroz saria jaso du Kandido Uranga aktoreak

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 25a

Kandido Uranga Feroz saria eskuetan duela, atzoko sari banaketa ekitaldian.

Taldeko aktore onenaren saria jaso du zumaiarrak, gizonen kategorian. Maspalomas filmean egindako lanagatik jaso du Espainiako Informatzaile Zinematografikoen Elkartearen saria. Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia Pontevedran, eta Urangak esker hitzak izan zituen parte hartu duen filmeko lantaldearentzat, baita zuzendarientzat ere.

Kandido Uranga aktore zumaiarrak Feroz saria jaso zuten atzo, larunbata, Pontevedran (Galizia) egindako galan. Espainiako Informatzaile Zinematografikoen Elkarteak banatzen ditu sari horiek, eta taldeko gizon onenaren saria jaso zuen atzo Urangak, Maspalomas filmean egindako lanagatik.

Uranga ekitaldian izan zen, eta pozarren jaso zuen saria. Urangarekin batera ziren saria jasotzeko hautagai Asier Etxeandia, Miguel Garces, Joaquin Nuñez eta Miguel Rellan, baina zumaiarrarentzat izan da aurtengo Feroz sarietako taldeko aktore onenaren golardoa.

Aktore ibilbide luzea duen arren, Urangak atzo jaso zuen aurrenekoz Feroz sari bat. Maspalomas filmeko talde guztiari, eta Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zuzendariei eskerrak eman zizkien hark, bidean emandako laguntzagatik, eta etxekoei ere zuzendu zitzaien zumaiarra, golardoa eskuetan zuela: "Maribi, Manu, Maialen, Alex, hau [saria] etxera eramango dut". Galegoz hasi zuen hark hitzartzea, eta bukatu ere bai, han zirenak agurtuz.

Halaber, Elena Irureta ere izan zen atzo Pontevedrako sari banaketa ekitaldian. Izan ere, zumaiarra taldeko aktore onenaren sarirako hautagaia zen, emakumeetan, Sorda filmean egindako lanagatik. Dena den, saria Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak jaso zuen, Los Domingos-en egindako lana tarteko.

Goya sarietarako hautagai

Espainiako Zinema Akademiak otsailaren 28an Bartzelonan banatuko ditu aurtengo Goya sariak, eta sari horietako batzuk jasotzeko hautagai horien guztien artean bi zumaiar daude: Kandido Uranga, Elena Irureta eta Nagore Aranburu. 

Taldeko gizon eta emakume onenaren sarietarako hautagai dira bi herrikideak, Maspalomas-en egindako lanagatik Uranga eta Sorda filmean egindakoagatik Irureta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide