Ostirala da Torreagako babes ofizialeko etxebizitzen zozketan izena emateko azken eguna

Maria Maya Manterola 2026ko urtarrilaren 26a

Torreagako promozioko fotomuntaketa. (Zumaiako Udala)

Udaletxean bertan edo egoitza elektronikoaren bitartez eman ahal izango da izena. Behin betiko zerrendak argitaratzearekin batera jakinaraziko dute zozketa zein egunetan, ordutan eta tokitan egingo den.

Torreagako babes ofizialeko etxebizitzen zozketan izena emateko epea urtarrilaren 12an zabaldu zuten eta ostiralean itxiko dute, hilak 30. Udaletxean bertan edo egoitza elektronikoaren bitartez inskribatu ahal izango da ordura arte.  

Babes ofizialeko 46 etxebizitza zozkatuko dituzte, hain zuzen ere. Horietatik 43 kupo orokorrekoak izango dira: hamabi, hiru logelakoak; eta 31, bikoak. Mugikortasun urri iraunkorra duten herritarrentzat hiru etxebizitza gordeko dituzte, bi logelakoak. Bestalde, 46 etxebizitza horietatik hamazazpik trastelekua ere izango dute. Prezioen berri ere eman dute: 180.000 eta 230.000 euro artean balioko dute, BEZa barne, etxebizitzaren ezaugarrien arabera.

Eskaera nola egin

Eskaera egiteko, urtarrilaren 12tik 30era bitartean eskaera eredu ofiziala aurkeztu beharko dute herritarrek. Datu batzuk bete beharko dituzte hor: Etxebideko erregistro zenbakia, titularraren (edo, titularren) izen-abizenak eta NAN zenbakia, sinadura eta sinadura data. Etxebizitza egokitua eskatzen den kasuetan, horretarako prestatutako karratua markatu beharko dute. Gainera, mugikortasun urri iraunkorra duela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, oinarrietan jasotako gutxieneko puntu edo portzentaiak jasotzen dituena.

Eskaera udaletxean bertan presentzialki aurkeztu daiteke, edo online ere bai, egoitza elektronikoaren bitartez. Zenbait ohar eman nahi izan ditu udalak: batetik, jakinarazi dute eskaera orriarekin batera entzukizunpeko adierazpena sinatzen duela eskatzaileak, eta horren bidez, eskatzaileak adierazten duela baldintza guztiak betetzen dituela. Bestetik, argitu dute eskatzailea behin betiko zerrendan onartu moduan agertzeak ez duela egiaztatzen honakoak oinarrietan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituenik. Horiek horrela, etxebizitzak behin betikoz esleitu aurretik dokumentazio guztia aurkeztu beharko du behin behineko esleipendunak.

Baldintzak eta hurrengo pausoak

Torreagako etxebizitza babestuen zozketan sarbidea izateko, herritarrek bi baldintza bete beharko dituzte. Erroldarekin loturikoa, batetik: bost urtez Zumaian erroldatuta egon izana azken hamar urteetan; edo, bestela, azken bi urteetan etenik gabe Zumaian erroldatuta egon izana. Bi kasuetan, 2025eko irailaren 19a hartuko dute erreferentziazko epe moduan.

Diru sarrerekin loturikoa da bigarren baldintza: 12.000 eta 45.002,57 euro arteko diru sarrera haztatuak izan beharko dituzte eskatzaileek, 2024ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena oinarri hartuta, beti ere.

Horiez gain, ezinbestekoa da adinez nagusia izatea edo adingabe emantzipatua izatea, etxebizitza premia izatea –bizikidetza unitatea osatzen duten pertsonetako batek ere ezingo du etxebizitzarik eduki jabetzan, jabetza soilean, azalera eskubidean edo gozamenean– eta erantzukizunpeko adierazpena sinatzea, baldintza guztiak betetzeko konpromisoa hartuz. 

Izen emate epea amaitutakoan, eskatzaileek hamar egun izango dituzte erreklamazioak aurkezteko, eta gero, behin betiko zerrendak argitaratuko dira, eta horietan jasoko dira parte-hartzaileei ausaz esleitutako zenbakiak. Orduan jakinaraziko dute, zozketa zein egunetan, ordutan eta tokitan egingo den.

Zozketan, bizikidetza-unitatearen ezaugarriaren arabera, zenbaki bat edo gehiago izango dituzte hautagaiek: pertsona bakar batek osatutako bizikidetza unitateak, zenbaki bat; bi pertsonak osatutako bizikidetza unitateak, bi zenbaki; eta, hiru pertsonak edo gehiagok osatutako bizikidetza unitateak, hiru zenbaki.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide