Bina berdindu du Kbiren A taldeak, Euskal Ligako hirugarren jardunaldian

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 26a

Kbi A taldeko jokalariak, larunbateko jardunaldian. (Utzitakoa)

Beasaingo Alfil taldea izan zuten aurkari larunbatean Hogarrean jokatutako jardunaldian. Kbiren B taldeak, bere aldetik, garaipena erdietsi zuen Andoain B taldearen aurka. 

Etxean jokatu zuten pasa den larunbatean Kbi xake klubak aurten atera dituen bi taldeek. A taldeak Euskal Ligako partida jokatu zuen, eta Gipuzkoako Ligako bigarren mailakoa B taldeak. 

Beasaingo Alfil taldea izan zuen aurkari Kbiren A taldeak, Euskal Ligako hirugarren jardunaldian. Bina berdindu zuten zumaiarrek beasaindarrekin, Hogarrean jokatutako partidetan. Oier Sarasketa, Juan D. Becerra, Paulo Alberdi eta Xabier Aranzabal aritu dira zapatu honetan Zumaiako klubarekin. Hiru jardunaldi jokatuta, sailkapeneko bosgarren postuan da Zumaiako taldea. 

Kbiren B taldeak Andoain B-ren aurka jokatu zuen, Hogarrean baita ere, Gipuzkoako Ligako bigarren mailako hirugarren jardunaldian. 2,5 eta 1,5 emaitzarekin irabazi zuten zumaiarrek. Fermin Laurobak, Miguel Angel Aguadok, Miguel Manterolak eta Kepa Txapartegik jokatu zuten larunbateko jardunaldian. Hiru astebururen ostean, bere multzoko liderra da Kbi B taldea. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide