Iazko irailaren 24an zabaldu zuten Komentua Kulturgunea, Zumaiako alde zaharraren erdian dagoen eraikin zahar eraberrituan. Ordutik abian dira bertan kultura eta hezkuntzarekin lotutako hainbat ekimen, izan Musika eta Dantza Eskolaren klaseak, izan dantza, antzerki eta musika jarduerak.
Kulturguneko zati handiena zabalik badago, baina oraindik ere amaitzeko daude haren bueltan diseinatutako zenbait proiektu. Hala, otsailaren hasieran zabalduko dute Komentuaren atzealdean dagoen lorategia, eta etorkizun batean kapera zen espazioan atondutako auditorioa.
Lorategiarekin lotuta, gaur bertan abiatu dituzte hara eramaten duen ate pareko galtzada-harriak aldatzeko lanak. Lan horiek direla eta, Arritokieta kalea itxi egin dute autoen joan-etorrietarako. Oinezkoentzako pasoa bermatuko da, baina San Juan egoitza paretik datozen autoek buelta eman, eta San Jose kaletik jaitsi beharko dute.
Aipatu obrak gaur goizean hasi dituzte, eta aurreikuspenak betetzen badira, hamar bat egun iraungo dituzte. Helburua lorategiko goiko sarrerako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea dela azaldu du udalak.