Sistema kapitalista egiturazko krisian dago, eta oligarkiak gero eta zailtasun handiagoak ditu bere irabazi tasak eta boterea mantentzeko. Horren aurrean, mendebaldeko estatuak biraketa autoritarioa gauzatzen ari dira: estatu polizialak indartu, eskubide politiko eta sozialak murriztu eta errepresioa normalizatu. Prozesu horretan, faxismo berriak funtzio estrategikoa betetzen du, krisiaren errua pobreenei egotziz. Arazoaren iturria berezko errudunetatik urruntzen dute. Horrela, langileriaren haserrea desbideratu eta erantzun antolatu oro neutralizatzen dituzte.
AEB da joera horren adibide argienetako bat. Kanpo politikan, inperialismo bortitza indartu du, gerra eta okupazio proiektuak babestuz eta hornidura militarrak handituz. Barne mailan, berriz, estatu polizialaren sendotzea agerikoa da: emigranteen aurkako jazarpena eta erailketak, deportazioak areagotzea, mugaren militarizazioa, protestaren kriminalizazioa edota mobilizazio politikoen aurkako errepresioa. Kanpoko indarkeria eta barruko autoritarismoa eskutik doaz. Modelo hau baita egungo faxismoaren izaera eta mendebalde osoan agenda bera ezartzeari ekin diote.
Beraz, faxismoa ez da iraganeko kontua. Langile klasearen aurkako gorrotoan oinarrituz, sektore zapalduak erruduntzat seinalatzen ditu eta estatu autoritarioaren bidez gauzatzen du. Horren adibide dira etxegabetzeak indarrez gauzatzen dituzten enpresa faxisten jarduna, indarkeria matxistaren ukapena edota deportazio masiboak aldarrikatzen dituzten diskurtsoak. Fenomeno hori Euskal Herrian ere agerikoa da, eta Zumaia ez da salbuespena. Aurten, Desokupa bezalako enpresa faxista gure herrian egon izana ez da anekdota hutsa: pobrezia kriminalizatzen duten eta indarkeria normalizatzen duten egiturak gure kaleetara iristen ari direla erakusten du.
Ideia erreakzionarioak, gainera, gero eta gehiago zabaltzen ari dira, bereziki gazteen artean. Sare sozialetan eta eguneroko harremanetan diskurtso arrazistak, matxistak, LGTB kolektiboaren aurkakoak, klasistak eta baztertzaileak normalizatzen ari dira. Bestalde, estatu autoritario baten ondorioak argiak dira: eskubideen galera, errepresioa, euskara eta kolektibo zapalduen aurkako erasoak, etxegabetzeak eta poliziaren inpunitatea. Biraketa autoritarioa Euskal Herrian ere bizi dugu: Azpeitin VOXen aurka mobilizatzeagatik 43 lagun auzipetuak, urriaren 12an Gasteizen Falangearen aurkako mobilizazioaren kriminalizazioa edota IrunĚean Vito Quilesi emandako erantzunaren ondorengo jazarpena ez dira kasualitateak. Faxismoari aurre egiten dion ororen kontrako estrategia politikoaren parte dira.
Testuinguru honetan, azpimarratzekoa da ezker instituzionalaren papera. Alderdi horiek oligarkiaren marko politikoari men egin diote: neurri autoritarioak aplikatu eta poliziaren indarkeria justifikatu dituzte. Are gehiago, erantzun antifaxista bera kriminalizatu dute behin eta berriz. Guk argi daukagu: instituzioetatik ez da faxismoari aurre egiteko irtenbiderik etorriko.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka indarrak batzea, langile klasearen antolakuntza propioan oinarrituta. Herri mugimendutik eraikitako fronte zabal batek soilik itxiko dio bidea joera erreakzionarioei. Ezinegon soziala norabide zuzenerantz bideratu nahi dugu, indar politiko iraultzaile bihur dadin. Gure apustua kontzientzia antifaxista eta sozialista Euskal Herri mailan zein herri mailan zabaltzea da. Egoera zailtzen doa, baina bada borondate antifaxista indartsu bat aurre egiteko prest, eta hori erakustera goaz. Gazteok lehen lerroan egotea eta kaleak hartzea ezinbestekoa izango da!
Eta hemen, Zumaian, galdera zuzena da: zer paper jokatu nahi dugu? Isilik geratu, faxismoak gure kaleetan lekua har dezan onartu, ala argi adierazi Euskal Herria ez dela gorrotoaren, autoritarismoaren eta errepresioaren lurralde? Guk bigarrenaren alde egiten dugu. Horregatik, urtarrilaren 31n Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusa antolatu dugu Zumaitik (Pakita Etxezarreta, 16:15), eta herritar guztiei parte hartzera dei egiten diegu. Tiketak Txikixa eta Nikol tabernetan daude eskuragarri.
Antolatuz eta mobilizatuz soilik itxiko diogu bidea faxismoari. Z
umaian ere, ez diegu pasatzen utziko.