Ekain Albite zinemagile zumaiarra aukeratu dute, beste bost sortzailerekin batera, Ikusmira Berriak programaren barruan egonaldia egiteko Tabakaleran. Zortzi asteko egonaldia egingo du Albitek Donostiako kultur zentroan, bi alditan banatuta. Martxoaren 9an hasiko du egonaldia Egia auzoko zentroan, eta bertan igaroko dituen egunak Akira izeneko proiektua garatzeko aprobetxatuko du.
Ikusmira Berriak programa 2015ean sortu zen, Donostia Zinemaldiaren eta Tabakaleraren arteko lankidetzatik eta, 2018tik, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) ere parte hartzen du. Talentu emergentea eta ikus-entzunezko sorkuntza babestea eta bultzatzea du helburu. Aurten hamabigarren aldia bete du, eta partaideek nabarmendu dutenez, inoiz baino eskaera gehiago jaso dituzte egonaldiak egiteko; 488 proposamen jaso dituzte, hain zuzen ere.
Aurten aukeratu dituzten sei zinemagilek apirilaren 19ra arte izango dute beren proiektuak garatzeko bertako Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian. Denbora horretan, proiektu bakoitzerako exprofeso aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, beren beharretara egokituta. Ekainean, egoiliar bakoitzak garapenerako laguntza bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak igarotzera. Fase horretan, norberaren proiektua industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte-hartzeko interesa duten horiekin.
Akira izeneko proiektua aukera dute euskal egileen kategorian. Albiteren proposamena Euskal Herriaren eta Georgiaren arteko koprodukzioa da, eta "road movie espektral" gisa definitu dute.