Hiru hileko geldialdiaren ondoren, aste honetan berrekingo diote surfeko Challenger Series zirkuituari. Gaur hasi eta otsailaren 9ra bitartean, Lexus Pipe Challenger proba jokatuko dute Hawaiiko (AEB) O'ahu irlan. Lehian arituko diren surflarien artean izango da Annette Gonzalez-Etxaberri zumaiarra. Eskualdeko beste hiru lagun ere izango dira bertan, Nadia Erostarbe, Adur Amatriain eta Keoni Lasa zarauztarrak, hain zuzen ere.
Gonzalez-Etxabarrik txapelketako bigarren errondan hasiko du lehia. Aurkaria Bettylou Sakura Johnson izango du, hawaiiarra izanik, bertako olatua ondo ezagutzen duen surflaria.
Egun, Challenger Serieseko seigarren postuan dago zumaiarra. Postu horretan bukatuta, Championship Tourrera sailkatu litzateke Gonzalez-Etxabarri. Izan ere, zirkuitua amaitzeko hiru probaren faltan, bi surflari daude dagoeneko sailkatuta emakumeen kategorian, eta beste bost leku daude jokoan.