Gipuzkoako egoitzetako lan gatazkari irtenbide bat aurkitu nahian, negoziazio mahaian esertzerkoak ziren atzo langileen ordezkariak eta sektoreko patronala. Azken honek, baina, bilera bertan behera utzi zuen astearte gauean, ELA sindikatuak salatu duenez, "helarazi beharreko informazio faltagatik".
Hori dela eta, ELA sindikatuak bilera bat eskatu du Gipuzkoako Foru Aldundiari lan gatazkari irtenbide bat emateko. Sindikatuaren arabera, abenduko aurrekontu akordioan hori egingo zuela iragarri duen aldundiak. ELAren arabera, "patronala pultsuan jokatzen ari da instituzioarekin eta argi utzi du ez duela negoziatzeko inolako borondaterik. Gero eta argiago dago egoiliarrek eta langileek ez dutela axola. Patronala etekin ekonomikoak handitzera eta bermatzera mugatzen da".
Bitartean, greba mugagabearekin jarraitzen dute San Juan egoitzan, eta lanuzteak hasi zituztela 80 egun bete dira aste honetan.