Zumaiako Estaños Matiena enpresan langile bat hil da, LABek jakinarazi duenez

Maria Maya Manterola 2026ko urtarrilaren 30a

LABek jakinarazi du pieza baten kolpea jaso ondoren hil dela 32 urteko langilea. Euskal Herrian hil den laugarren behargina da, sindikatuaren arabera.

LAB sindikatuak Zumaiako Estaños Matiena enpresan gertatutako 32 urteko langile baten heriotzaren berri eman du gaur, ostirala. Sindikatuaren arabera, pieza handi baten kolpea jaso ondoren hil da behargina.

Sindikatuak gogor salatu du heriotza, eta esan du enpresa horrek "langile migratu eta prekarizatuak" baliatzen dituela "lan arriskutsuak" egiteko. LABek gaineratu du lan istripu gehiagoren berri izan dutela, joan den abuztuan gertatutakoa kasurako. Sindikatuaren esanetan, larri zaurituta eraman zuten langilea erietxera orduan, "araudia betetzen ez zuen makina batekin kontaktu elektrikoa izan ondoren".

Lan istripuen aurrean, Osalanen, Lan ikuskaritzan eta Lan Agintaritzan zenbait salaketa aurkeztu ditu orain arte sindikatuak, baina ohar bidez azaldu dute "alferrik" izan dela enpresari neurriak hartzeko eskatzea. "Abuztuko istripu larriaren salaketaren erantzunik ez du izan LABek orain arte". Gaurkoa "enpresak eragindako heriotza" izan dela salatu dute, eta gaineratu dute instituzioek onartu egiten dutela hori horrela izatea. 

"Enpresarien botere maila handiak" instituzioen lana oztopatzeko eta baldintzatzeko gaitasuna duela pentsaraztera eraman arren, "utzikeria eta arduragabekeria instituzionalak langileen gain" erortzen direla esan du sindikatuak. "Edonola ere, utzikeria eta arduragabekeria instituzionalak langileok pairatzen ditugu, ondorio lazgarriekin", azaldu dute. Enpresarien aurka ekintza sindikala eta juridikoa erabiltzearen alde egin du LABek, eta bitartean, ardura instituzionalak exijitzen jarraituko dutela argi utzi dute: "Dagokien ardura hartuko balute, gaur hil den langilea bizirik egongo litzateke". Era berean, datozen orduetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du sindikatuak.

Udalak adierazpena kaleratu du

Zumaiako Udalak adierazpena kaleratu du lan istripuaren harira. Hildako langilearen senitarteko eta lagunei nahiz enpresako gainerako langileei elkartasuna eta babes beroena adierazi dizkie. 

"Guztiaren gainetik" saihestu behar dira lan istripuak, udalaren hitzetan. Beharrezkotzat jo du erakundeak lan osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak indartu eta bermatzea, baita lan arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere. Erakunde eta enpresa guztiei eskatu die udalak lan arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko "konpromiso irmoak" hartzeko, eta herritarrei dei egin die mobilizazioetan parte hartzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide