Astelehenean zabalduko dute Komentuko bisita gidatuetarako izen ematea

Maria Maya Manterola

Komentuko bisita gidatu bateko irudia. (Juan Luis Romatet)

Alde zaharreko eraikinean egindako eraberritzea ezagutzeko hitzordu gehiago antolatu ditu udalak otsailerako eta martxorako. 

Pasa den udazkenean zabaldu zutenetik, hilero egin dituzte Komentu eraberritua ezagutzeko bisitak. Herritarren jakin minak bere horretan jarraitzen duela ikusita, beste bisita sorta bat antolatu du Zumaiako Udalak datozen bi hilabetetarako. 

Otsailean zein martxoan launa bisita izango dira, denak ere ostiral arratsaldetan, 17:00etatik aurrera. Otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an egingo dituzte; martxoan, berriz, 6an, 13an, 20an eta 27an. Denak ere euskaraz izango dira, otsailaren 20 eta martxoaren 20ak izan ezik; bi horiek gaztelaniaz izango dira.

Otsaileko bisitetarako izen ematea otsailaren 2an zabalduko dute, astelehenean, 09:30etik aurrera, eta martxokoak hilaren 2an, ordu berean. Izenak Alondegia kultur etxean emango dira (943-86 1056/alondegia@zumaia.eus). Gonbidapenak doan izango dira, eta pertsonako bi gonbidapen gorde ahal izango dira, bisitak talde mugatuetan egingo dituztelako. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide