Zumaia (eta zumaiarrak) primeran ikusteko aukera

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 31

Iker Hazas eta Jon Elizalde, 'Bi txirula' filmean.

Abenduko Zumaia Guka aldizkariko Kultura ataleko edukia da honakoa. 

Neguaren etorrerarekin, eta horrek dakarren tenperatura jaitsierarekin, etxeko babesean gordetzeko tentazioa areagotu egiten da, baita sofan etzan eta telebista aurrean orduak igarotzekoa ere. Streaming plataforma handien aurrean, euskal ikus-entzunezkoen gordailu gisa ikus daiteke EITBk martxan jarritako Primeran plataforma. Zumaiako zinemagileek zuzendutako filmak ikus daitezke bertan, baita herriko aktoreek antzeztutako lanak, kiroletako izarren bizitzen inguruko dokumentalak edo herrian bertan filmatutako ikus-entzunezkoak ere. Manta batekin estalita, etxeko goxotasunean ikusteko produktuak, alegia. 

Alberto J. Gorritibereak hiru film egin zituen XXI. mendearen hasieran; fikziozko bi film luze eta flyschari buruzko dokumental bat –azken hori Asier Hilario geologoarekin batera–. Bada, fikziozko bi film horiek daude ikusgai aipatu plataforman: Eutsi (2007) komedia eta Arriya (2011) drama. Azken film horren irudi asko, gainera, Zumaian bertan filmatu zituzten.

Duela aste batzuetatik hona, Primeran plataforman ikusgai da Iñigo Garciak 2017an idatzi eta zuzendutako Bi txirula film luzea ere. Bi gizonek egingo duten bidaia baten kontakizuna da Garciarena, bidaia fisikoa, baina baita psikologikoa ere. Jon Elizalde eta Iker Hazas zumaiarra dira protagonistak.

Bada Gorritiberearen Eutsi eta Garciaren Bi txirula filmeen arteko lotura bat, eta hori da Kandido Uranga aktore zumaiarra, bietan protagonista izan zelako. Ibilbide luzea eta aberatsa duen aktorea da Uranga –Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren Maspalomas film sarituan aritu da aurten–, eta bere zenbait film ikus daitezke EITBren plataforman, Julio Medem donostiarraren Vacas-ekin (1992) hasi eta duela hiru urteko La cima-ra arte. Bi horien arteakoak dira, besteak beste, Mystical (2010), Bi anai (2011), Amama (2015) edo aurten Gaua fantasiazko lana estreinatu duen Paul Urkijo Alijoren Errementari (2016).

Eta beteraniaz hitz egitean, zer esan Elena Iruretaz. Antzerkian, telebistan eta zinemagintzan ibilbide luzea duen emakumea, dagoeneko ile zuria duen belaunaldiarentzat Jaun eta jabe edo Bi eta bat bezalako telesailengatik (Pimeranen ikusgai biak ere) da ezaguna. Zinemagintzan ere lan oparoa egin du, eta horren adibide da duela hilabete eskas estreinatutako Gaua lana. Primeran plataforman ikusgai daude Irureta aktore izan den film batzuk, hala nola Aupa Etxebeste! (2005) eta haren jarraipen Agur Etxebeste! (2019), Zorion perfektua (2019) eta La ermita (2023).

Beteraniatik gaztetasunera salto eginda, Sambou Diaby oikiarra ere ari da lekua egiten euskal eszenan, izan antzerki munduan, telebistan edo pantaila handian. Diaby aktore aritu den serie eta film luze bana aurki daitezke plataforma horretan: 2019an estreinatu zuten eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalaren ostean BECen harrapatuta gelditu ziren sei lagunen istorioa kontatzen duen Kartzela serie digitala, eta aurten bertan zinema aretoetara heldu den Faisaien irla.

Esti Curiel ere geldirik egoten ez dakien pertsona da. Oholtza gainean pertsona desberdinak gorpuztu izan ditu, eta telebistarako edo zinemarako ere lan egin izan du. Lara Izagirreren aginduetara egindako Pelikula baten bila (2023) film laburra ikus daiteke EITBren plataforman. 

Ekain Albite ere saltsa askotan sartzen den sortzailea da, zuzendaria eta gidoigilea. Gaztea izanagatik, bi film labur eta luze bat (2023ko Negu hurbilak film kolektiboa) erakutsi ditu urte gutxiotan. Lucia Lacarra –zumaiarra hori ere– dantzariarekin batera sortu zuen Lost letters (2023) ikus-entzunezkorarako irudiak filmatu zituen Albitek, eta Primeranen dago ikusgai.

Fikziotik errealitatera

Fikzioan bakarrik ez, dokumentalgintzan ere urratsak eman dituzte Zumaiako sortzaileek. Jon Maiaren kasua da horietako bat. Bertsolaria, abeslaria, idazlea, dokumentalgintzan ere ibilbide luzea du egina Maiak, eta haren filmetako bat ikus daiteke Primeran plataforman, 2016ko Gutik zura film luzea, hain zuzen. Lan horretan, aintzinatik etorkizunerako bidaia egiten du zuzendariak, gizakiaren eta zuraren arteko harremana azalduz.

Dokumentekin jarraituta, kamera aurrean ere jarri izan dira zumaiar batzuk. Iñaki Osa Goikoetxea puntista ohiaren kasua da hori. Erretiroa iragartzearekin batera, Goiko. Aro baten bukaera (2024) dokumentala estreinatu zuten Zumaian, Aita Mari aretoan, eta ondoren EITBn.

Goikoetxearekin batera, Imanol Lopez izan da zesta puntak historian zehar eman duen kirolaririk onentsuena. Xisteraren historia kontatzen duen Jai Alai Blues (2016) dokumentalean hitz egiten du Lopezek. Bi lanak aipatu plataforman daude ikusgai. 

Azken urteotan, bisitari ugari bertaratu dira Zumaiara, bereziki Itzurungo labarrak ikustera. Ez haien balio geologikoagatik bakarrik –horregatik ere etorri dira–, baizik eta gune hori Game of Thrones telesailean agertzen zelako. Fantasiazko serie hark ez du lekurik Primeran plataforman; bai, ordea, Itzurunen egindako Dantz nazioarteko musika jaialdiko bi saio, 2024ekoa eta 2025ekoa, hain zuzen. Itzurun eta Algorri arteko labarretan ezkutatzen diren elefanteak dantzan ikusteko aukera paregabea eskaintzen dute bi bideo horiek. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide