Iker Gonzalez: "Parrokiako organoak izugarrizko kalitatea dauka"

Maria Maya Manterola 2026ko otsailaren 1a

Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Irakaslea lanbidez, San Pedro parrokiako organista ere bada Iker Gonzalez (Zumaia, 1976). Instrumentu horrentzako nahiz abesbatzentzako ere konposatu izan du, eta aurten, Asturiasko Nazioarteko Konposizio Lehiaketa batean bigarren saria eman diote, Pola de Sieronen, hain zuzen.

Zumaia Guka aldizkarian Iker Gonzalezi egindako elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain. 

Lanbidez irakaslea zara, zientzia arlokoa. Ez dator oso bat musikarekiko zaletasunarekin, ala? 

Doktorea naiz kimikan, eta fisika zein kimika ikasgaiak ematen ditut. Azpeitiko Izarraizpe ikastolan ari naiz aurten lanean. Zientzia edo ingeniaritza arloetan lan egiten duten eta aisialdian musikaren bueltan ibiltzen diren pertsona bat baino gehiago ezagutzen ditut. Bestalde, orain dela urte dezente hitzaldi bat eman nuen musikaren eta zientziaren ingurukoa. Notak eta soinuak nola sortzen diren azaldu nuen solasaldi hartan, eta hitzaldia prestatzen ari nintzela, artikulu bat irakurri nuela dut gogoan. Laborategian ohituta gaudenok gauzak errepikatu egin behar izaten ditugula esaten zuen, musikan bezala. Musikan errepikatu egin behar izaten dira melodiak, aztertzeko: halako unetan motelago jotzea komeni zait, halakotan azkarrago... Musikaren atzean, gainera, soinuaren fisika dago. Ez diogu musikari ikuspegi horretatik begiratzen, baina hor dago.

Betidanik izan al duzu musikarekiko zaletasuna? 

Txikitatik. Txikia nintzenean ez zegoen musika eskolarik, eta amak [Miren Tere Cobeaga] etxean ematen zituen musika klaseak. Beraz, nire soinu banda solfeo edo piano saioak izaten ziren arratsaldero. Udalak bazuen bandarentzat akademia, baina gainerakoan, etxeetan ematen zituzten klaseak. 

Gerora, musikarekin loturiko ikasketarik egin al zenuen? 

Hasi nintzen, baina zaila egin zitzaidan ikasketak eta musika uztartzea. Ama irakaslea izanik, gainera... Ikasi nuen musika, baina nire kabuz, geroago. Musika eskolan jardun nuen gero hiru urtez, eta organoa ikasten ere saiatu nintzen. Ez dut titulaziorik, dena den, eta musika ez dut sekula ogibide bezala ikusi. Musika idaztetik bizitzea, gainera, ez dut uste aukera bat izan daitekeenik. Zorionez oso musikari onak ditut inguruan, baina horietako bat bera ere ez da horretatik bizi.  

Abesbatzetan aritu izan zara, eta organista zara parrokian, Mari Carmen Azpeitiarekin batera. 

Bai, biok ibiltzen gara elizkizunetan organoa jotzen.  

Nola hasi zinen zeregin horretan? 

Organoa probatzeko aukera izan nuen egun batean, eta harena beste soinu bat zela jabetu nintzen. Horrela hasi nintzen, eta... Normaltzat jotzen dugu, baina parrokiako organoak izugarrizko kalitatea dauka; sonoritate berezia dauka. Bere alde zientifikoa dauka horrek ere: izan ere, zientzia erabili izan da organoa garatzeko eta instrumentu horretan soinu desberdinak sortzeko. Asentxio Elustondo parrokoa izan zen nire armoniako irakaslea; hark apaiztegian ikasi zituen armonia eta musika. Konturatu nintzen zerbait gehiago behar nuela musika ondo idazteko, zaila ikusten nuen kontua.  

Organoaren bueltan hasi zinen konposatzen, ezta? 

Bai. Helburua trebatzea zen. Abestia jotzen bukatzean, esaterako, koruak abesten jarraitzen baldin badu, inprobisatu egin behar duzu zerbait, eta horretarako oinarria behar da.  

"Lehen zirriborroa eskuz idatzi, eta editorera pasatzen dut gero, garbi eta txukun"

Konposizio lan bat sortzeko zer prozesu jarraitzen duzu?  

Hiru konposizio mota daude: musika originala, moldaketa edo konponketa. Azken hori da, adibidez, konposizio bat musika banda osoarentzako zabaltzea, hau da, partitura originala hartu eta zabaltzen. Moldaketetan, berriz, doinua hartu eta moldatu egiten da, baina ez doinua bakarrik: giro bat ere transmititu behar du doinuak. 

Behin, Landarbaso abesbatzak Loa loa abestia egiteko eskatu zidan, Gernikako bonbardaketaren inguruko ekitaldi baterako. Ekitaldiko lehen abestia zen, eta abesbatza ez zen ohiko eran kokatu behar; erdi ilunpean interpretatu behar zuen kanta koruak. Erabaki nuen garai hartako musika balitz bezala idaztea kanta, ez gaur egungo armoniekin. 

Musika originala denean, bestalde, instrumentuak-eta landu behar izaten dira, eta abesbatzarentzako denean, bereziki, hitzak. Normalean hitzetatik hasten naiz, aurkitu egiten ditut horiek, ez ditut nik idazten. Eskuz idazten dut kanta, silabak kontatuta, egitura aztertuta, errepikapenak begiratuta... Irakurri ere egin behar izaten da, erritmoa aztertu, eta horren arabera, konpas bat edo bestea jartzea erabaki. Pola de Sieroko lehiaketara aurkeztutako obrako hitzak haurrentzat idatzirikoak dira, adibidez. Hasieran, haurrak jolasean irudikatu ditut partituran; gero, haurrengana gerturatzen da. Aldaketak daude batetik bestera, eta hori nabaritu egin behar da. Doinua herrikoia da, baina konposioaren atzean ikusten da beste zerbait badagoela. Behin hitzak eginda, doinua pentsatzen hasten naiz, eta teklatura jotzen dut, probatzeko, jolasteko. Azkenik, abestia idazten dut; lehen zirriborroa eskuz, eta editorera pasatzen dut gero, garbi eta txukun geratu dadin.   

Iaz epaimahaiaren aipamena eskuratu zenuen Pola de Sieron, eta aurten, bigarren saria. 

Iaz antolatu zuten lehendabizikoz, Siero Musical elkarteak 100 urte betetzen zituelako, eta lehen edizio hartara 36 lan aurkeztu genituen guztira: horietatik bik jaso zuten saria, eta zazpik aipamena; aipamenetako bat niretzat izan zen. 

Lagun batek bidali zidan sariketaren kartela. Ikastaro batean nengoen, eta ez nuen serio hartu. Abesbatzetan-eta kantatzen aritzen da lagun hura, eta zera esan zidan: "Maila horretako abeslaria zara zu, ezta?". Arratsaldean hobeto begiratu nuen zer bidali zidan, eta Angel Enbilen moldaketa bat ageri zen, partitura bat. Logoen artean ikusi nuen Siero Musical elkartearena. Elkarte horretan lan egin zuen Angel Enbil zumaiarrak, eta haren seme Jose Angel Enbili deitu nion. Hark zera esan zidan: "Idatziko duzu zerbait guretzat, ezta?". Lehiaketetan ez dut parte hartu izan, baina animatu egin ninduen. Ez nukeen inolaz ere pentsatuko aipamena jaso nezakeenik. 

Ez naiz horrelako lehiaketetara aurkezten normalean, baina Pola de Sierokoa berezia da, ezagutzen ditudalako antolakuntzakoak. Badakit nola egiten duten lan, eta badakit benetan abestu egin nahi dutela idatzitako musika. Ez da lehiaketara bakarrik mugatzen egitasmoa, berezia da.  

Asturieraz idatziriko testu baten gainean egin zenuen bigarren saria eskuratu duen abestia. 

Oso polita iruditu zitzaidan testua, baina haurrentzat ipuin bat-edo izan zitekeela pentsatu nuen. Ondorioz, hainbat animalia irudikatu eta haurrentzako zerbait idatzi nuen. Lehen Hezkuntzako irakaslea da liburuaren idazlea, eta nik lan hartako bost olerki hartu nituen. Gainera, amaierarako testutxo bat idatzi zidan idazleak. Oso pozik nago egindako lanarekin. Aurreko urtean aurkeztu nuena, berriz, iluna da: negua, gaua, euria, ilunpea, garai bateko oroitzapenak...

Lanak latinez aurkezteko aukera kendu dute aurten, eta jaitsi egin da parte hartzea. 


Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Zer sentitzen da zuk idatzitako zerbait abesbatza batek interpretatzen duenean? 

Ohitu egin naiz, baina arraroa da. Pola de Sieron abestia zuzentzeko eskatu zidaten, eta nik ez dakit zuzentzen; arratsalde hartan Juncal Herrero epaimahaikideari nola markatu galdezka ibili nintzen. Bestalde, gertatu izan zait San Pedro abesbatzarentzako idatzitako obra beste koru batek abestea, eta nire kolkorako zera pentsatzea: "Hau beste gauza bat da". Gogoan dut gizonezkoek abesteko konposizio bat egin nuela, kontzertu sakro baterako, eta gero, Suhar abesbatzak kantatu zuen ondo afinatuta, kolorearekin... Beste kontu bat zen hura.  

El gran caminante liburuaren bueltan ere konposatu duzu, ezta? 

Bai, bi obra. Bitxia izan zen. Santiagora bidean, irakurtzen ari nintzela, eguraldi txarrak harrapatu ninduen Burgos aldean. Istorio horrekin musika egin nezakeela pentsatu nuen, orkestrarako, edo poema sinfoniko bat, bestela. Dena den, horrelako zerbait nik idaztea ez zen posible, eta bere horretan geratu zen ideia eroa. Handik urtebetera-edo, liburuaren atzealdean jasota dagoen testuaren gainean egin nuen abesti bat. 2017an jakin genuen Jose Maria Beobide konpositore zumaiarraren jaiotzaren 125. urteurrena zela, eta zerbait idazteko eskatu zidaten. Orduan heldu nion ideia hari; liburua hartu, eta organorako abesti bat idatzi nuen. Done Jakue bideko garai bateko agurra-edo da kanta.

"Orain atseden hartzen ari naiz, baina organoak gainean egotea eskatzen du"

Abesbatzetatik kanpo, konposatu al duzu beste musika estilo baterako zerbait? 

Gutxi. Danborradarako Kalez kale idatzi nuen, eta organorako zerbait ere bai, baina, bereziki, abesbatzen munduan aritu izan naiz. Idaztea gauza bat da, baina gero hori interpretatu beharra dago. Nik organoa jotzen dut, eta nahiz eta ni baino organista askoz hobeak badauden, badakit zer muga izan ditzakeen instrumentu horrek. Kontuz ibili beharra dago horrekin; izan ere, ordenagailuan idazten duzuna ondo joko du ordenagailuak, baina gero, agian, ez da hain ondo geratzen edo ez da organoan jotzeko erraza.  

Musika proiekturik ba al daukazu orain esku artean? 

Ez, orain atseden hartzen ari naiz. Dena den, organoarekin beti jardun behar duzu lanean: abesti baten akonpainamendua aldatzen, esaterako. Organoa ezin da utzi %100ean, gainean egotea eskatzen du. Ez duzu beti pieza bera joko, gauza berriak ikasi behar dira, eta joera izan dezakezu beti modu batean jotzeko, baina abada korde desberdinak erabiltzeko aukera. Enkargu bat denean, berriz, errespetua ematen du kontuak. Izan ere, lana fin egin behar da, eta gauzak ondo, denborarekin.

Organista izaten jarraituko al duzu aurrerantzean ere? 

Bai. Organorako zerbait idazteko ideia ere eman izan didate.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide