Bi berdinketa lortu ditu Kbi xake klubak azken jardunaldian

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 2a

Kbiko jokalariak, artxiboko irudia. (Utzitakoa)

Euskal Ligako taldeak Santurtzin jokatu du azken jardunaldia, eta Gipuzkoako Ligakoak etxean Gros J talde donostiarraren aurka. 

Xake ligetako laugarren jardunaldia jokatu dute pasa den larunbatean. Kbi xake klubeko bi talde izan dira lehian, A taldea Euskal Ligan, eta B taldea Gipuzkoako Ligako bigarren mailan. Biek ere berdinketekin amaitu zuten arratsaldeko lana. 

Santurtzi A-ren aurka jokatu zuten Kbi A-ko jokalariek larunbatean, Santurtzin (Bizkaia) bertan. Binako berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. Zumaiarren aldetik, Oier Sarasketak, Juan David Becerrak, Xabier Aranzabalek eta Fermin Laurobak jokatu zuten. 

Lau jardunaldi jokatuta, bosgarren da Kbi A Euskal Ligan, eta datorren asteburuan sailkapenean laugarren den Arrasate-Arlutzen aurka jokatuko du. Berebiziko garrantzia izango du zumaiarrentzat garaipena lortzea norgehiagoka horretan.

Kbi B taldea, bere aldetik, Gros J izan zuen aurkari Gipuzkoako Ligako bigarren mailako jardunaldian. Hauek ere bina jokatu zuten Hogarrean jokatutako partidetan. Oscar Aizpurua, Miguel Angel Aguado, Iñaki Arrieta eta Andoni Palomo aritu ziren Zumaiako klubarekin. 

Zumaiarrek lider jarraitzen dute sailkapenean. Datorren jardunaldian Salto bidasoa C taldearen aurka arituko dira, etxetik kanpo.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide