Partida ugari jokatuko dituzte asteburuan Aitzuri frontoian

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 3a

Aitzuri pilotalekua.

Ostiraletik igandera bitartean jokatuko dituzte partidak Zumaiako frontoi luzean. 

Ez da partidarik faltako Zumaiako Aitzuri frontoian datorren asteburuan. Ostiralean hasi eta igandera bitartean partida eta saio ugari izango dira Zumaiako frontoi luzean.

Ostiralean, 19:15ean hasita, Gipuzkoako txapelketako kimuen mailako zesta punta partidak jokatuko dituzte. Bi partida izango dira. Hasteko Xoel Iruzta eta Hodei Elosua Beotibar taldearen aurka arituko dira. Jarraian, Inar Arrizabalagak eta Enaitz Urruzolak Mutrikuko Danok Bat 4 taldearen aurka jokatuko dute. 

Ondoren, eskuz binakako bi partida jokatuko dituzte: kimuen kategorian, Egoitz Etxeberria eta Ibai Arizaga Oñatiko Aloña Mendi 2ren aurka arituko dira, eta infantiletan, Lantz Gijarro eta Ametz Jaimes Aloña Mendi 1en aurka. 

Larunbatean beste lau partida jokatuko dituzte, paleta gomaz bat, eta hiru zesta puntakoa. Hasteko, 10:30ean, paleta gomazko partida jokatuko dute, kimuen kategorian, Jokin eta Julen Beristainek Zubietaren aurka. Udaberri txapelketako puntuagarria izango da. 

16:00etatik aurrera, zestako hiru partida izango dira jokoan. Gipuzkoako txapelketako partida jokatuko dute Ibai Arizagak eta Enai Huertosek, kimuen mailan, Hondarribia 2ren aurka. Nagusietan, Haritz Egañak eta Julen Cabanillasek Cabanillas taldearen aurka jokatu zuten. Ondoren, Cosme Agirre eta Unai Uranga, Noainen aurka arituko dira. Azken bi partida Euskadiko txapelketarako puntuagarriak izango dira. 

Igandean, bestalde, paleta larruz modalitateko teknifikazio saioa izango dute, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide