Eñaut Urreistik eta Imanol Lopezek oraindik bazituzten aukerak Gernikan jokatzen ari diren Winter Series txapelketako finalera heltzeko, baina beste puntistek lortuko zituzten emaitzen menpe zeuden. Finalerdietako lau jardunaldi jokatuta, sailkapeneko azken postuan ziren, bi punturekin, amaiera polemikoa izan zuten aurreko bi partidak galdu eta gero.
Hala, finalerdietako ligaxkako bosgarren jardunaldian izango zen emaitzak erabakiko zuen finalera sailkatzeko lehian jarraituko zuten mutrikuarrak eta zumaiarrak, edo kanpoan geratuko ziren. Atzoko partidan Goitia eta Lekerika, Johan eta Gorkaren aurka aritu ziren. Gipuzkoarrek oraindik esperantzak izateko Goitiak eta Lekerikak 2 eta 1 emaitzarekin irabazi behar zuten, eta Urreistik eta Lopezek hurrengo norgehiagoka 2 eta 0 irabazi. Baina, finalerdietako azken partida ez da erabakigarria izango, Goitiak eta Lekerikak 2 eta 0 irabazi zutelako, finalerako txartela eskuratuz.
Aukerarik gabe, finalerdietako azken partida jokatuko du Lopezek datorren astelehenean. Hura izango da, gainera, profesional bezala Gernikan jokatuko duen azken partida, denboraldi honetan bertan hartuko baitu erretiroa.