Herriko 26 saltokik parte hartuko dute Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako neguko azokan, eta beren produktuak kalera aterako dituzte bihar eta etzi. Goizez eta arratsaldez izango da azoka martxan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta saltoki bakoitzak bere establimenduaren aurrean jarriko ditu produktuak salgai.
Handitzen ari da herriko merkataritza sustatzea helburu duen azoka, eta iaz baino hiru saltoki gehiagok parte hartuko dute aurtengo azokan; zehazki, honakoak: Idoiaren mertzeria, Mâo arte studioa, Cchika moda, Egoki bitxitegia, Amalur, BreweryLand, Spot surf, Ana arropa, Olaizola, Sorginak, Txera, Kaïoa, Atalaia, Loa Lingerie, Mañeko okindegia, Ane Arribas, Loa Woman, Izaro Larrañaga farmazia, Loa Man, Iruitz ileapaindegia, Algorri taberna, Blue Nails, Koketa, Bib dekorazioa, My movil Zumaia eta Coro estetika zentroa.
Giroa sortzeko asmoz, bestelako ekitaldiak egingo dituzte azokak iraun bitartean. Bihar Xinestezina ikuskizuna eskainiko du Julen magoak, eta larunbatean, berriz, egun osoko egitaraua antolatu du Gertu elkarteak. 11:00etatik aurrera haurrentzako talo tailerra eskainiko dute Amaiako plazan, eta eguerdian Nagore eta Ander trikitilariak arduratuko dira neguko azoka musikaz alaitzeaz. Arratsaldean puzgarriak jarriko dituzte Eusebio Gurrutxaga plazan, eta Argizko unikornioen kalejira egingo dute 18:00etan.