Hiru hitzaldik eta film laburren emanaldi batek osatuko dute 'Euskara, bestela ez gara' zikloa

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 5a

Hainbat herritar, 'Euskara, bestela ez gara' zikloaren baitan iaz eskainitako hitzaldi batean.

Beste urte batez, Euskara, bestela ez gara zikloa antolatu du Larraina elkarteak. Datorren asteazkenean izango da lehenengo hitzaldia, eta Jakoba Errekondo ariko da hizlari.

Datorren asteazkenean hasi eta martxoaren 18ra bitartean egingo dute Euskara, bestela ez gara zikloaren aurtengo edizioa. Hiru hitzaldik eta film laburren emanaldi batek osatuko dute Larraina euskara elkarteak udalarekin elkarlanean antolatu duen zikloa, eta azken emanaldia salbu, saio guztiak Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan izango dira, 18:30etik aurrera.

Euskara eta euskaldunak ardatz hartuta, hainbat gai landuko dituzte hizpide zikloan parte hartuko duten hizlariek, besteak beste, naturaren garrantzia euskal ohituretan, euskarazko kulturgintza eta euskararen geroa.

Jakoba Errekondo agronomoak irekiko du zikloa datorren asteazkenean, hilaren 11n, eta natura euskal ohituren erdigunean jarriko du Oxforden emango duen hitzaldian.

Otsailaren 25eko saiora, bestalde, ezohiko gai bat ekarriko du Nerea Iglesiasek: irrintzia. Antzezlea eta musikaria izateaz gain, Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako kultur arduraduna izan da Iglesias, eta euskarazko kultur ekimenen inguruan jardungo du Marixi Sesma musikariak gidatuko duen hitzaldian. AIAIAI: irrintzia eta komunitatearen garapen artistikoa euskaraz izenburua izango du saioak.

Garikoitz Goikoetxeak eskainiko du Euskara, bestela ez gara zikloaren azkenengo hitzaldia. Iñaki Iurrebasorekin idatzi berri duen Esnatu ala hil liburuaren bueltan hitz egingo du euskara teknikariak, eta euskarak gaur egun bizi duen egoera azaltzeaz gain, etorkizunerako gakoak aletuko ditu.

Iaz bezala, Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak geldialdia egingo du Zumaian. Martxoaren 18an zazpi film labur eskainiko dituzte Aita Mari aretoan, 19:00etan, eta emanaldi horrek itxiko du euskararen inguruan hausnartzea helburu zuen zikloa. Zehazki, honakoak izango dira emango dituzten pelikulak: Aitor Gametxoren Geratzen den hori; June Asuaren Fishy; Elixabet Nuñezen A-Maniki; Ainhoa Urgoitiaren Orain zer?; Ekaitz Bertizen Erreka zoko hortan; Ane Cuestaren Hortzikara eta Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide