Azken urteotan egin bezala, Sahararen aldeko Lankidetza Astea antolatu du Darahli elkarteak. Datorren astelehenean zabalduko dute haren barruan antolatutako erakusketa, Oxford aretoan, eta egunek aurrera egin ahala hitzaldia eta tailerra ere egingo dituzte. Aurretik, ordea, larunbat honetan bertan janari bilketa egingo dute Zumaian.
Zapatuan arituko dira Darahliko boluntarioak elikagaiak eta bestelako produktuak jasotzen Zumaiako Eroski eta BM supermerkatuetan. Produktu hauek bilduko dituzte: atun eta sardina latak, azukrea, konpresak, lekaleak, pasta, dilistak, arroza eta kadukatu gabeko sendagaiak. Datorren astean, berriz, otsailaren 9tik 13ra bitartean, Zumaiako, Oikiako, Arroabeko eta Aizarnazabalgo ikastetxeetan egingo dute bilketa.
Material hori guztia Euskal Karabanaren bidez eramango dute Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. Kostu horri aurre egiteko, diru bilketa egingo du Darahlik. Diru sarrerak ES05 3035 0037 4103 7005 0791 (Laboral Kutxa) edo ES08 2095 5174 9091 1793 1051 (Kutxabank) kontu korronteetan egin beharko dira. Bizum bidez laguntzeko aukera ere izango da, dirua 605 70 14 63 telefono zenbakira bidalita.
Auzia gogorarazi
Saharako errefuxiatuek duela mende erditik pairatzen duten egoera larria gogoraraztea da Lankidetza Astearen helburua, Darahli elkarteko koordinatzaile Samuel Ruizen arabera.
Datorren astelehenean zabalduko dute astearen barruan antolatutako erakusketa. Auziaren berri ematen duten panelak jarriko dituzte Oxforden, baina baita herri horrek historian zehar erabilitako tresneria ere. "Kultura zabala duen herria da Saharakoa. Nomadak izan ziren, eta erabiltzen duten tresneria erakutsiko dugu", azaldu du Ruizek.
Oporrak Bakean egitasmoari eta Darahli elkarteari buruzko txoko bana ere izango da erakusketan. Ruizek gogora ekarri duenez, otsailaren amaierara arte eman dezakete izena Oporrak Bakean programan parte hartu nahi duten familiek. "Iaz hamar familia lortu genituen bailaran, eta oraingoz seik eman dute izena. Ea falta diren egunetan gehiago animatzen diren".
Darahliren txokoan, berriz, elkarteak abiatutako proiektuen berri emateaz gain, diru bilketa ere egingo dute. "Darahlik gauza asko egiten ditu, baina horretarako dirua behar da", nabarmendu du koordinatzaileak. Horretarako, merchandising produktuak salduko dituzte.
Ordezkari berria
Lankidetza Astearekin jarraituta, hitzaldi eta tailer bana egingo dituzte bi aste barru. Otsailaren 20an, 18:30ean, Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkari Mujtar Leboihik hitzaldia eskainiko du Oxford aretoan. 50 urteko auziaren errepasoa egingo du, baita egungo egoera zein den azaldu ere. "Fronte Polisarioko ordezkari berria da, eta gogotsu dago. Zumaiara etortzeko gonbidapena pozik hartu du", dio Ruizek. Gainera, otsailaren 21ean, 12:00etatik 14:00etara, umeentzako tailerrak eta jolasak egingo dituzte leku berean.