Alde Zaharrari bizitza eta arnasa emango dion lorategia zabaldu dute

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 7a

Eguerdian zabaldu dute Komentua Kulturguneko lorategia. San Pedro abesbatzaren saioaren ondoren, lorategia diseinatu duen Iñigo Segurolak haren inguruko azalpenak eman ditu. Komentuan egingo dituzten datozen pausoen berri ere eman du Iñaki Ostolaza alkateak. 

Egun handia izan da gaurkoa, bereziki Zumaiako Alde Zaharrarentzako. Eguerdi partean zabaldu dute Komentua Kulturgunearen atzealdean diseinatu duten lorategia. Udazkenean Komentua zabaldu zutenetik, hango erabiltzaileek zein eraikineko bisitariek izan dute berdegunean paseatzeko aukera, baina lorategiko, zein inguruko kaleetako lanak amaitu arte itxaron dute hura herriari erakusteko.

Egun handia izanik, hura zabaltzeko ekitaldiak ere hala izan behar zuen. Eguerdiko 12:00etarako jarri dute hitzordua, eta ekitaldia borobiltzeko, eguraldia ere alde izan dute. Inaugurazio saioan egoteko aurrez izena eman behar zen, baina izan da hitzordua lotu gabe Komentura bertaratu dena ere, interesak mugituta. San Pedro Abesbatzak jarri dio musika ekitaldirako: abesti sorta kantatu du Amaia Aldalurrek zuzendutako koroak.

Aurretik, Iñaki Ostolaza alkateak hartu du hitza. Zabaldu zenetik, Komentuak "bizitza propioa" hartu duela nabamendu du, eta bere osotasunean amaitzeko oraindik pieza batzuk falta direla ere azaldu du. Hala, kapera ohian egitekoak diren auditorioa ekipatzeko lanetan daudela azaldu du, eta uda ostean zabalduko dutela aurreratu du. Aterpetxeak, berriz, 48 lagunentzako ostatua eskainiko duela ere aurreratu du, eta taberna ere izango duela. 

San Jose kaleko sarreran dagoen tornoa bere horretan utzi dutela ere gogoratu du alkateak, eta espazio horretan interpretazio zentroa egiteko asmoa dagoela azaldu du, "mojen bizimodua zein zen informatzeko". 

Zuhaitz exotikoak

Iñigo Segurola paisajistak diseinatu du Komentuko lorategia, eta egindako lanketaren berri eman die ekitaldira bertaratu direnei. Gogoratu du, bere garaian, klausurako mojak han bizi zirenean, barazkiak eta loreak landatzen zituztela baratzean. "Barazkiak sabela gozatzeko, eta loreak jainkoari edo dena delakoari eskaintzeko". Mojak joan eta gero, baratzeaz arduratzen zen pertsona bat bazegoen ere, gainbeheran zegoela azaldu du Segurolak. 

Lorategia diseinatzeko enkargoa jaso zuenean, lehen asmoa baratzeari garrantzia ematea izan zela adierazi du, baina aurrekontuan jaitsiera egon zenean, ideia bertan behera utzi zutela ere azaldu du. "Aparte, norbaitek arduratu beharko luke baratzeaz". Hala ere, lorategiak dituen hiru terrazetako lehenan lau kutxa jarri dituzte barazkiak ekoiztu ahal izateko.

Nabarmendu du, Komentua inguratzen duten harresiek mikroklima berezia sortzen dutela Komentuko lorategian, eta horri esker hain ohikoak ez diren zuhaitzek indarra hartu dutela, aguakateen kasu. Hala, joera horri jarraituta, palmondoak, laranjondoak eta bestelako "zuhaitz exotikoak" landatu dituzte bertan, besteak beste. Aurretik zeuden zuhaitz batzuk ere gorde dituzte, hala nola, kiwikiak edo sagarrondoak. 

Behin lorategiko lanak amaituta, hura zaintzeko taldea osatzera animatu ditu Segurolak herritarrak, "Britainia Handiako parke eta lorategi batzuetan gertatzen den bezala". 

Behin lorategian gora eta behera ibili eta gero, mokadu eta edariak eman zaizkie zabaltze ekitaldira inguratu direnei.

Turismo Sailaren laguntza

Lorategiko lanak egiteko, eta Komentuan egitekoak diren beste proiektu batzuk gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailak emandako dirulaguntza jaso du Zumaiako Udalak. Guztira, 400.000 euro jaso ditu udalak, eta horietatik 320.000 euro bideratu ditu lorategirako. Gainontzeko 80.000 euroak mojen bizitzaren berri emango duen interpretazio zentzora bideratuko dituela ere informatu du Iñaki Ostolaza alkateak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide