Imanol Lopez handiak bere azken partida jokatuko du Gernikan, heldu den astelehenean. Duela 23 urte frontoi horretan bertan egin zuen debuta San Fermin egunez, eta uztailaren 7 hartan hasi zen, Goikorekin batera, azken bi hamarkadetako pilotari handienaren ibilbide distiratsua.
Bere gaitasun, indar eta inteligentziak laster harritu zituen guztiak eta zumaiarrari Mariskal ezizena jarri zioten zaleek. Ehundaka, milaka borrokatan atera da garaile, bikoteko ardurak beregain hartuta. Baina Lopez nonbait izan bada Mariskal, Gernikan izan da. Diferentziak gehien markatzen diren pilotalekua da Katedrala. Kirolariaren gaitasunak eta hutsuneak handitu egiten ditu 57 metroko kantxa beltzak. Ez du disimulatzen uzten. Bakoitza den beste da eta beste pilotalekuetan bezala, Imanolek erraz jokatu du Gernikan. Ez zaie denei pasatzen, alajaina.
Errebesez bikain atzeratzen du orain ere, baina logikoa denez, eskuma indartsua desagertuz joan da, pilota ondo kokatzera eboluzionatuz. Sasoi bat egon zen, 2010 inguruan, Imanolek txapelketak ia bakarrik irabazten zituena. Binakako bost txapel irabazi zituen segidan, bost aurrelari ezberdinekin. Atzeko koadroetatik agintzen zuen. Kantxaren jabe egiten zen. Pilota sartzeko sekulako erraztasuna, jokorako bisioa, teknika, kokapena, indarra, lehikortasuna eta kirolean handienek izan ohi duten izaera eta karakterra. Gaitasun guzti horiek 1'94 metro eta 95 kilo inguruan kontzentratuta. Ez-ohikoa bezain geldiezina.
Urte askoan, gozamena izan da Imanolen nagusitasun horren lekuko izatea eta orain ere gozamena da Lopez kantxan ikustea. Eboluzio horretan, lidergoaren papera sendotu du zumaiarrak eta azken urteetan, txapelketa asko erronka gisa hartu ditu. Pilotari gazteei lehiatzen, konpetitzen eta goi mailan jokatzen erakutsi die. Lopezekin jokatze hutsa, unibertsitateko Master bat izan da hauentzat. Horren lekuko Barandika bera, Lopezekin jokatuz asko ikasi duena. Eta azken urte honetan, Goitia edo Urreisti. Imanol baino 20 urte gazteagoak dira. Partida, set eta tanto bakoitzean aholkuak, azalpenak eta irakaspenak eman dizkie Lopezek. Preziorik ez duen Master bat.
Kirolari bakoitza ezberdina da baina pilotan, 30 bat urteren bueltan izan ohi da puntistaren momentu gorena (28-33). Oraindik txispa ez da desagertu eta esperientziaren poderioz, ofizioa ikasita egoten da. Imanolek, 'prime' horretatik aurrera beste hamar urte jokatu ditu goi mailan. Pilotariak pasatzen joan dira eta Imanol hor egon da beti. Azken egunera arte txapelak irabazteko lehiatzen eta bai, atzelari onena izaten. Duela 15 urteko Imanol 'munstro' bat zen. Oraingo Imanol, munstroa ez, baina partida kopurua dibertsifikatuz, izugarria da.
Goza dezagun Lopezek Gernikan jokatuko duen azken partidaz. Winter bat eta hainbat Grand Slam irabazi dituen eszenatoki bikainean. Zesta-puntaren momenturik baxuenetan itzelezko mailan jokatu zuen Imanolek, baina zorionez, urte eder askoak eskaini dizkigu zesta-puntaren goraldi honetan.
Eskerrik asko Mariskal!