Kobaz Koba Trail mendi lasterketak gaur bete du hamargarren aldia, eta beste behin argi gelditu da Urola Kostako herritar askorentzat hutsik egin ezinezko hitzordua dela Zestoakoa. Bi probetakoren batean parte hartu duten korrikalari asko eta asko Urola Kostakoak bertakoak izan dira, halaxe izan dira podiumera igo diren kirolaririk gehienak ere, eta zer esanik ez lehiak zein haren bueltan sortzen den giroak erakarrita Zestoara bertaratu diren dozenaka eta dozenaka lagunak. Pena izan da goiz erdian euria hasi izana, artean proba luzeko zein motzeko parte hartzaileak helmugaratzen ari zirenean; dena den, eguraldi eskasa ez da ezertarako oztopo izan.
Hamargarren edizioa berrikuntza eta aldaketa batzuekin etorri da. Batetik, Zestoako Udala, kirol probaren babesle izatetik, antolatzaileen taldeko kide izatera igaro da; bestetik, parte hartzaileen kopurua murriztu egin dute lasterketak ingurumenean duen inpaktua ere txikiagoa izan dadin; zestoarren parte hartzea sustatzeko neurriak hartu dituzte; eta horiez gain, eta besteak beste, Zaldei probaren ibilbidea moldatu dute eta lau bat kilometro erantsi dizkiote. Horregatik, beste urteetan baino ordu erdi bat lehenago abiatu dira 30 kilometroko proban parte hartzekoak ziren korrikalariak; 08:30ean ekin diote probari.
Hasi ez ezik, 182 parte hartzailek bukatzea ere lortu dute. Denetan azkarrenak, Jokin Etxabe bergararrak (Gipuzkoa), bi ordu eta 26 minutu eta 18 segundo behar izan ditu ibilbidea osatu eta helmugako marra zeharkatzeko. Haren atzetik, minutu bat eta 24 segundora hain justu, Amets Aranberri sartu da, zestoarra bera. Horrela, probako bigarrena eta zestoarretan aurrena izan da Aranberri. Proba luzeko gizonen podiuma Unai Martinez azpeitiarrak osatu du, 2:28:01 denborarekin hirugarren koskara igota.
Emakumeetan, berriz, Azpeitiko bizilaguna den Jone Zenitagoia elorrioarra (Bizkaia) izan da nagusi, 2:55:41 denboran eginda. Eta haren segidan helmugaratu diren beste biak ere azpeitiarrak izan dira: Eneritz Aramendik, iazko txapeldunak, bigarren egin du, 3:06:01 denborarekin; eta Naroa Uriak egin du hirugarren, 3:15:32 denborarekin.
Angulok arantza atera du
Artzei proban ez dute aldaketarik egin antolatzaileek; beraz, parte hartzaileak betiko orduan, 10:00etan, abiatu dira plazatik. Gizon zein emakume, guztira 208 korrikalarik lortu dute hamabost kilometroko ibilbidea osatu eta helmugako marra zeharkatzea, eta horietan guztietan bizkorrena Ibai Angulo urrestildarra izan da. Ordubete, 11 minutu eta 18 segundo behar izan ditu lanak bukatzeko, eta besoak jasota eta ezin gusturago sartu da plazara, iaztik sartuta zuen arantza aterata. Izan ere, duela bi urte Artzei probaren txapelduna izan zen Angulo, baina iaz ezin izan zion tituluari eutsi, eta podiumean bi koska jaitsi zen behera. Anguloren atzetik, bigarren tokian, Mikel Usandizaga oriotarra helmugaratu da 1:12:15 denbora eginda; eta bederatzi segundo gehiago behar izan ditu hirugarren bukatu duen Xuban Muniozguren markina-xemeindarrak (Bizkaia).
Emakumeetan Nerea Urteaga zumaiarrak jantzi du txapela, hamabost kilometroko ibilbidea 1:29:48 denboranr osatuta. Irati Larrañaga usurbildarrak (GIpuzkoa) bi minutu pasatxo gehiago behar izan ditu, eta 1:31:39 denborarekin, bigarren egin du. Eta proba motzeko emakumeen podiuma Jule Olaizola zumaiarrak osatu du, 1:37:11 denbora eginda.
(Argazkiak: Ihintza Elustondo eta Aitziber Arzallus)