Ainhoa Urteaga: "Abestiak sortzea berez ateratzen zait"

Maria Maya Manterola 2026ko otsailaren 9a

Ainhoa Urteaga. (Utzitakoa)

Ainhoa Urteaga (Zumaia, 1998) musikariak lehenengo bakarkako diskoa atera du. Arrakala du izena, eta dagoeneko entzungai da plataforma guztietan. Herriko hiru puntutan ere eskura daiteke lana: Xirun, Otañon eta Aizpurua liburu dendan, hain zuzen. 

Bi urte eta erdian ondu du diskoa, eta bide horretan, lagun izan ditu Zumaiako beste hainbat lagun musikari ere. Horiekin guztiekin aurkeztu zuen bilduma Zumaian azaroaren amaieran. 

Gertukoek inguratuta aurkeztu zenuen lehenengo bakarkako lana Zumaian.

Nire barruak lasaitzea nahi nuen, eta gainerako dena oso naturala izan da. Ez diot garrantzirik eman hirugarren pertsonen erantzunari; fokua neure buruarengan neukan jarrita, baita inguruko jendearengan ere. Hortik aurrerako guztia espero gabekoa izan da, eta sorpresa oso ona. 

Inguruko jendeak lehendik entzunda al zeukan lana?

Bai. Diskoa egiten bi urte eta erdi pasatu ditut, eta ingurukoak hasieratik jarraitu dute prozesua. Lehen zirriborroak entzun dituzte, ikusi dute nola joan diren eraikitzen abestiak, eta gainera, prozesu horretan nik emozionalki izan dudan bilakaera gertutik jarraitu dute. Ez da sorpresa handia izan, bidean lagun izan ditut.

Hasieratik al zeneukan abestiak bilduma batean biltzeko asmoa ala kantak egin ahala erabaki duzu horrela egitea?

Abestiak sortzea berez ateratzen zait, baina hortik bakarkako album bat ekoiztera bide luzea dago, eta ez neukan helburu hori. Jurgi Taboadaren Ozen estudioan gertutasun handia sumatu izan dut beti, eta horrek asko erraztu du bilduma osatzeko egin beharreko saltoa: hiru abesti neuzkan, eta berak proposatu zidan horiek grabatzea. Konturatu nintzen bete egin ninduela abestiak grabatzeak, eta orduan hasi nintzen bildumari nolabaiteko forma ematen. 

Hiru uzta abestian, esaterako, ahizpekin duzun harremanaz hitz egin duzu.

Etxetik datorkit musikarekiko atxikimendua: gurasoengandik jaso dugu hirurok musika, eta hirurok jardun dugu musikan. Nereak elektrotxarangan eta Eire taldean jotzen du, eta Maitek txarangan. Nire bidea ezin dut ulertu haiek ondoan eduki gabe. Kirola egin bitartean sortzen dut gehien, eta uste dut nire musikaren mundua ulertezina dela kirolik gabe; izan ere, batak bestea elikatzen du. Bi mundu horiek hainbeste betetzen duten pertsona gutxi ezagutzen ditut, baina nik ahizpekin partekatzen dut bizimodu hori, eta hain zuzen, horixe da adierazi nahi nuena.

Arrakala izena jarri diozu bildumari. Zergatik?

Diskoko abesti baten izena ere bada. Inflexio puntu bat izan dut bizitzan, eta une horretako gogoetak azaleratzeko modu bat izan da bilduma. Arrakala hitzarekin irudikatu nahi nuen denok dauzkagula inflexio puntuak. Pentsatzen hasten zara nor zaren, zer egin nahi duzun... Esperientzia txarrek eraginda etor daitezke inflexio puntu horiek; nire kasuan, behintzat, hala izan da. Lurrean arrakala bat egiten denean, geroz eta handiago egin daiteke zuloa edo atera daitezke belarra eta loreak. Nire inflexio puntu horretan ikasi egin nuen; nire burua gutxietsi baino ahaldundu egin nintzen. 

Zumaiar musikariek kolaboratu dute diskoan. Nortzuk?

Bai, Migel Gutierrezek, Oihana Rodriguezek eta Nora Aizpuruak. Nire ikaslea izan da Nora sei urtez, eta hasieratik sumatu nion abesteko gaitasun ikaragarria. Biok kantatu dugu abesti batean. Bateria jotzen aritu da David Gorriti, bestalde, eta Zilborresteak abestirako koruak eta irrintziak egin dituzte hainbat lagunek.

Zuzeneko gehiago emango al dituzu datozen hilabeteotan?

Behin proiektua amaitutzat eman eta indarrak hartu ondoren, gustatuko litzaidake, bai. Betiko plazetara joatea bai, baina beste batzuetara joan ahal izatea ere nahiko nuke, ahalik eta jende gehienarengana iristeko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide