Nekez ahaztuko duen eguna izango da atzoko Imanol Lopezentzat, nahiz eta jokatutako partidan emaitza aldekoa izan ez zuen. Winter Series zesta punta txapelketako finalerdien azken jardunaldia jokatu zuten atzo iluntzean Gernikako pilotalekuan. Eñaut Urreisti eta Imanol Lopez Johan eta Basqueren aurka aritu ziren. Mutrikuarrak eta zumaiarrak osatutako bikoteak ez zuen aukerarik finalera sailkatzeko, aurreko jardunaldian erabaki zelako zer bi bikotek jokatuko duten Gernikako txapelketaren finala.
Lopezek frontoi historiko horretan profesional gisa jokatuko zuen azken partida zela jakitun, garaipena erdietsi nahiko zuten Urreistik eta Lopezek, baina ez zen posible izan, eta lapurtarrek bi jokotan irabazi zuten lehia: 10-15, 12-15.
Txalo zaparrada handia jaso zuen Lopezek partidaren amaieran, zaletuak zutik zituela. Izan ere, duela 23 urte egin zuen debuta profesional bezala, non eta Gernikako frontoian, eta agurreko lehen hitzorduetakoa izan zen atzokoa, aurten erretiroa hartuko duelako. Zumaian bertan, santelmoen bueltan, jokatuko duten txapelketarekin amaituko du bere ibilbide profesionala Lopezek. Aurretik, datorren astetik aurrera, Daniako (Florida, AEB) frontoian jokatuko duten Biscayne Cup txapelketan arituko da.
Argazkiak: Eraman.