Lankidetza Astearen barruan, zenbait jarduera antolatu ditu saharar herriarekin elkartasunez Zumaiako Darahli elkarteak. Asteburuan janari bilketa izan da supermerkatuen atarietan, eta atzotik, ikusgai da Saharako auziaren inguruan osatutako erakusketa Alondegiko Oxford aretoan.
Auziaren berri ematen duten panelak jarri dituzte Oxforden, baina baita herri horrek historian zehar erabilitako tresneria ere. Oporrak Bakean egitasmoari eta Darahli elkarteari buruzko txoko bana ere bada erakusketan.
Ordezkari berria
Lankidetza Astearekin jarraituta, hitzaldi eta tailer bana egingo dituzte. Otsailaren 20an, 18:30ean, Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkari Mujtar Leboihik hitzaldia eskainiko du Oxford aretoan. 50 urteko auziaren errepasoa egingo du, baita egungo egoera zein den azaldu ere. "Fronte Polisarioko ordezkari berria da, eta gogotsu dago. Zumaiara etortzeko gonbidapena pozik hartu du", dio Ruizek. Gainera, otsailaren 21ean, 12:00etatik 14:00etara, umeentzako tailerrak eta jolasak egingo dituzte leku berean.
Ostiralera arte, bilketa eskoletan
Supermerkatuetako bilketa amaitu dute, baina eskoletan ari dira orain janaria jasotzen, ostiralera artean. Produktu hauek bilduko dituzte Zumaiako, Oikiako, Arroabeko eta Aizarnazabalgo ikastetxeetan: atun eta sardina latak, azukrea, konpresak, lekaleak, pasta, dilistak, arroza eta kadukatu gabeko sendagaiak.
Material hori guztia Euskal Karabanaren bidez eramango dute Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. Kostu horri aurre egiteko, diru bilketa egingo du Darahlik. Diru sarrerak ES05 3035 0037 4103 7005 0791 (Laboral Kutxa) edo ES08 2095 5174 9091 1793 1051 (Kutxabank) kontu korronteetan egin beharko dira. Bizum bidez laguntzeko aukera ere izango da, dirua 605 70 14 63 telefono zenbakira bidalita.