Pasa den udazkenean zabaldu zuten Komentua Kulturgunea, Alde Zaharrean dagoen mojen komentua eraberritu eta gero. Ordutik, makina bat bisita gidatu egin dituzte bertan egindako zaharberritzea herritarrei erakusteko asmoz.
Otsailerako eta martxorako bisiten txanda gehiago programatu dituzte. Udaleko Kultura Sailak azaldu duenez, otsailaren 13, 20 eta 27ko bisita gidatuetarako oraindik lekuak geratzen dira. Bisitak 17:00etan hasiko dira. Biharkoa eta otsailaren 27koa euskaraz izango dira, eta gazteleraz 20koa.
Bisitetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Alondegia kultur etxean (09:30etik 14:00etara bitartean); telefonoz 943-86 10 56 zenbakira deituta, eta posta elektronikoz alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita. Talde mugatuak dira eta pertsonako gehienez bi gonbidapen hartu ahal izango dira. Sarrera San Jose kaletik egingo da.