Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Zientzialari batekin elkarrizketa lehiaketaren bosgarren aldia antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateak, Emakumeak zientzian egitasmoaren barruan. Parte hartzaileen artean, Oikiako Eskolako ikasleak izan dira, eta elkarrizketatu duten zientzialaria Andrea Cid izan da.
Gabonen aurretik egin zuten elkarrizketa, eta Cid bera bertaratu zen Oikiara, bertako eskolako ikasleekin geratzeko. Bitxikeria moduan, elkarrizketa ingelesez egin zuten. Egindako lanak fruituak eman ditu, lehiaketako Publikoaren Saria jaso dutelako Oikiako bizilagunek. Atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa, Donostian, eta Andrea Cid berarekin egoteko parada izan zuten ikasleek.