Zabaldu dute izen ematea Ander Torrikoren eskubaloi campuserako

Gorka Zabaleta-Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 12a

Ander Torriko. (Gorka Zabaleta)

12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako ekimena izango da, eta ekainaren 22tik 26ra bitartean egingo da. Pulpo eskubaloia klubarekin batera ari da campusa antolatzen, eta Zumaiako Udalaren laguntza ere badu.

Ander Torriko eskubaloi jokalari zumaiarrak kirol horren inguruko campusa emango du ekainaren amaieran Zumaian, Lubaki kiroldegian. 12 eta 16 urte bitarteko eskubaloi jokalariei zuzendutako jarduera izango da, eta ekainaren 22tik 26ra bitartean emango du. Izen ematea dagoeneko zabaldu dute Internet bidez. 

Bi urte daramatza Torrikok Bidasoa klubeko Nacho Valles jokalariak ematen duen eskubaloi campusean kolaboratzen, eta aukera ikusi zuten Zumaian ere halako ekimen bat abian jartzeko, "ikusita azken urteotan Pulpo zer ibilbide ari den egiten, zenbat haur eta gazte erakarri dituen eskubaloira", azaldu du jokalari zumaiarrak. Gaineratu du Zumaiako klubari bere ekarpena egin nahi ziola, "hazten eta hobetzen laguntzeko, eta uste dut campus honen bitartez haur eta gazteek udan eskubaloiaz gozatu eta ikasteko aukerai zango dutela".

Uda izanik pistako eta hondartzako eskubaloiak uztartuko dituzte, "eta hitzaldiak eta ekintza osagarriak ere egingo ditugu. Eskubaloiaz gain, kirola egitearen garrantzia ere transmititu nahi diegu,kirola egitea ze ona den osasuna zaintzeko", gaineratu du jardueraren sustatzaileak.

Saioak goizez izango dira, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Lekuak mugatuak izango dira, eta 80 lagunentzako tokia izango da. "Lehen aldi honetarako, gehienbat Pulpoko jokalariengan pentsatu dugu; klubarekin ere elkarlan hori bultzatu dugu, baina inori ateak itxi gabe, noski", nabarmendu du Torrikok.

Izen ematea zabalik

Zabaldu dute dagoeneko ekaineko campusean izena emateko aukera, Internet bidez, campusandertorriko.eus webgunean. Pulpoko jokalarientzako kostea 170 euro izango da, eta 200 euro Pulpoko jokalariak ez direnentzat.

Torrikok eskerrak eman nahi dizkie Zumaiako Udaleko zinegotzi Aitor Manterolari eta Pulpoko presidente Iban Narbaizari. "Hasieratik beraien laguntza guztia eman didate proiektu hau gauzatzeko, eta elkarlanean eta koordinatuta ari gara guztia antolatzen".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide