Zumaiako Euskararen Mahaia osatu dute alor desberdinetako hainbat taldek

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 13a

Euskararen Mahaian parte hartuko duten hainbat herritar. (Zumaiako Udala)

Besteak beste, Zumaiako Udalak iaz onartu zuen euskara planari jarraipena egingo dio Euskara Mahaiak, eta urtean bi aldiz bilduko da.

Zumaiako Udalak iaz onartu zuen 2024 eta 2034 urteen arteko euskara planari jarraipena egiteko Euskararen Mahaia sortu dute. Izaera eta alor desberdinetako herriko eragileetako 25 bat ordezkarik osatuko dute foroa, eta urtean birritan elkartuko dira, informazioa trukatzeko nahiz euskara planaren gaineko segimendua egiteko.

Pasa den udazkenean herriko hainbat talderekin bilerak egin zituen udalak, eta pasa den astean eragile horietako ordezkariak batu ziren udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Zehazki, euskarari lotutako eragileak (tartean UEMA), gurasoak, ikastetxeak, hedabideak, kirolari nahiz kulturari lotutako taldeak, gazteak eta udaleko ordezkari politiko eta teknikoak bildu ziren. Euskararen inguruan orain arte egindako ibilbidea errepasatu zuten lehenbizi, eta 2026ko kudeaketa planeko ekintza nagusiak aztertu zituzten gero. Udalak jakinarazi duenez, zumaiar berrien harrerarekin eta merkataritzarekin lotutako gaiak lehentasunez landuko dituzte aurten.

Euskararen Mahaia urtean birritan bilduko da, baina udazkenera bitartean bestelako bilgune batzuk ere izango direla jakinarazi du udalak, besteak beste, kirolaren eta transmisioaren inguruan aritzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide