Inauteriak 2026

Irudimena lantzeko baliatu dituzte karnabalak zumaiarrek

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 14a

Arratsaldean gaztetxoek Komentuko kaperan egin duten festan nahiz kalean askotariko mozorro dotoreak ikusi ahal izan dira. Eguraldi makurra ez da festa zapuzteko gai izan. 22:00etatik aurrera, diskoteka izango da Kofradiako plazan.

Eguraldi iragarpen makurra egina zuten gaurko, baina aterruneak ere izan dira, eta euria ez Zumaiako karnabalak zapuzteko gai. Irudimen handia dutela erakutsi dute aurten ere herritarrek; izan ere, arratsaldean gaztetxoek Komentuko kaperan egin duten lehiaketan nahiz kalean askotariko mozorro dotoreak ikusi ahal izan dira.

Eguraldi txarra tarteko, goizean jakinarazi du udalak Komentuko kaperan egingo zutela inauterietako mozorroen festa, eta ume ugari izan dira han, dantzaz eta kantuz gozatzen. Gaur estreinakoz erabili dute azpiegitura hori, eta hain zuzen ere, umeak izan dira horretarako abagunea izan dutenak.

Gainera, haurren mozorro lehiaketa ere hantxe egin dute, eta ikusmina sortu dute batzuek eta besteen agertokian eskainitako saioek. Hainbat lagun igo dira agertokira, eta Astindu taldeko kide batzuk osatutako epaimahaiak hala erabakita, zenbait sari banatu ditu Zumaiako Udalak. Hain zuzen ere, txikien artean banakako saria Wallieren paperean aritu den Erikentzat izan da eta taldekakoa Koloreakentzat. Gaztetxoen mailan, berriz, Julien Erregina eta Madagaskarrekoak nagusitu dira.

Batzuk epelean zirela, beste hainbat herritar kalera ateratzen hasi dira. Asko izan dira goizean hasitako festari jarraipena ematera irten diren herritarrak, eta horietako askok gaurko prestatutako mozorro ikusgarriak erakusteko baliatu dituzte iluntzeko lehen orduak; kalean ibili dira, besteren artean, lorategi bateko loreak, Karibeko piratak, xake taulako piezak, danbor talde bat eta beste. Gainera, Hamarru elektrotxaranga arduratuko da kalean giroa alaitzeaz.

Hala nahi dutenek goizaldera arte izango dute festan segitzeko aukera. Gainera, 22:00etatik aurrera, diskoteka izango da Kofradiako plazan.

Argazki txokoa, martxan

Halaber, urtero legez, Oxford aretoan argazkien txokoa muntatu dute, eta herritarrek han argazkia aterata parte hartu ahal izango dute mozorro lehiaketan. Irudiak astelehenetik aurrera izango dira ikusgai webgune honetan, eta mozorro onenaren aldeko boza eman ahal izango dute herritarrek.

Datorren ostiralean jakinaraziko dute zein diren aurtengo mozorrorik onenak. Banakako edo bikotekako mozorro onenak Gertu elkarteak emandako 80 euroko erosketa txartela irabaziko du; taldekako onenak, berriz, 200 euroko erosketa txartela, hori ere Gertu elkarteak emandakoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide