Inauteriak 2026

Inauterietako argazki txokoan ateratako irudiak, ikusgai

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 16a

Alondegiko Oxford aretoan egindako argazki txokora igo ziren herritarren argazkiak ikus daitezke Zumaia Guka webgunean. Mozorro onenak aukeratzeko lehiaketa arratsaldean jarriko da martxan.

Eguraldi kaxkarrak ezin izan zuen pasa den larunbatean zumaiarren festa gogoarekin. Mozorrotuta, kalez kale, tabernaz taberna ibili ziren zumaiarrak eguraldi heze eta goibelari kolorea jarriz. 

Azken uteotan ohikoa bihurtu den bezala, argazki txokoa egin zen iluntze partean Alondegiko Oxford aretoan, eta banaka, binaka edo taldean igo ziren herritarrak argazkiak ateratzera. Hemen ikus daitezke aurtengo argazki txokoan ateratako argazki guztiak.

Lehiaketa, arratsaldetik aurrera

Argazki txokora igo zirenek izango dute aukera inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko. Ohi bezala, banakako eta binakako mozorro onenaren saria izango da alde batetik, eta taldekakoa bestetik. Gaur, 18:00etatik aurrera izango da botoa emateko aukera Zumaia Guka webgunean. Botoa emateko epea ostegun gauerdira arte egongo da zabalik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide