Komentua Kultur Topagunea dinamizatu eta koordinatzeko kultur dinamizatzaile bat kontratatzeko hautaketa prozesua jarri du martxan Zumaiako Udalak. Oposizio-lehiaketa bidez egingo du hautaketa, eta behin-behineko izaeraz beteko da postua. Izen ematea gaurtik martxoaren 16ra arte egongo da zabalik, eta udaletxean nahiz udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin daitezke eskaerak.
Udalak azaldu duenez, kontratazio horren helburuetako bat da kultur topagune berriaren eguneroko funtzionamendua indartzea, eta horretarako, elkarteen, sortzaileen eta herritarren arteko elkarlana sustatzea izango da kultur dinamizatzailearen egiteko bat. Halaber, udalaren eta topagunearen arteko koordinazioa indartu nahi du.
Hautatutako kultur dinamizatzaileak lanaldi osoz egingo du lan, eta 44.780,09 euroko ordainsaria jasoko du urtean. Bestalde, diplomatura edo baliokidea den gradua izan beharko dute eta euskararen 3. hizkuntza eskakizuna (EGAren baliokidea) egiaztatu beharko dute oposizio lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek.
Hautaketa prozesuari, baldintzei eta probari buruzko informazio osoa Zumaiako Udalaren webgunean kontsulta daiteke.