Pello Mari Otaño poeta eta bertsolariaren istorioa kontatzen duen Ombuaren itzala filma emango dute gaur, 18:30ean, Aita Mari aretoan. Emanaldiaren ostean, Patxi Bisquert pelikularen zuzendariak solasaldia eskainiko du.
Bisquertek zuzendu duen lehenengo pelikula da Ombuaren itzala, baina Zizkurkilgo aktoreak hainbat filmetan parte hartu du aurretik, besteak beste, Tasio-n (1984) edo Ehun metro-n (1985).
Ombuaren itzala lanean, Pello Mari Otañoren istorioa jaso du Bisquertek. Otaño XIX. mendeko eta XX. mendeko lehen hamarkadako euskal letren erreferente kulturaletako bat izan zen, eta poesian nahiz olerkigintzan egindako lanengatik nabarmendu zen. Zerbitzu militarretik ihesi, Argentinara joan zen Otaño, baina 33 urterekin gaixotu eta Gipuzkoara itzuli behar izan zuen. Liberal errepublikano eta foruzalea zen, baina haren izaera politikoa mantentzeko zailtasunek Argentinara itzularazi zioten.
Pelikularen zuzendaria bezala, zizurkildarra zen Otaño ere, eta Gipuzkoako herri horretan estreinatu zuten ikus-entzunezkoa. Geroztik, dozenaka herritan eman dute, baita Donostiako Zinemaldian ere.