Oier Aizpurua: "Gizartea azkar doa, eta ez gara gai lortutakoa baloratzeko"

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 18a

Oier Aizpurua, Espainiako Olinpiar Komiteak emandako sariarekin. (Juan Luis Romatet)

Espainiako Olinpiar Komiteak emandako Erramu Olinpikoa garaikurra jaso berri du Oier Aizpurua piraguista zumaiarrak, bere ibilbidean egindako lorpenengatik.

Kirol munduan ibilbide luzea egin du Oier Aizpuruak (Zumaia, 1976). Piraguista bezala, bost Munduko Txapelketa irabazi ditu: bat pistan, 2002. urtean, k-4 200 proban, eta lau jarraian, 2003tik 2007ra bitartean, maratoi modalitatean, Manuel Busto asturiarrarekin (Espainia) bikotea osatuta. Arraunean Orioko traineruarekin Kontxako estropada irabazi zuen, eta azken urteotan berriro piraguan aritu da, itsas kayak modalitatean.

Espainiako Olinpiar Komiteak emandako Erramu Olinpikoa izeneko garaikurra jaso zenuen pasa den asteburuan.  

Garaikurra emango zidatela zioen gutuna 2023ko abenduan jaso nuen. Lehenbizi posta elektronikoan mezu bat jaso nuen, eta, ondoren, gutuna. Mezua irakurri nuen, eta esaten zuen Erramu Olinpikoa izeneko garaikurra emango zidatela. Pentsatu nuen spama zela, garai horretan komitetik mezu bat bidaltzeak ez zuen-eta zentzurik. Gutuna jaso nuenean komitera deitu nuen, pentsatzen nuelako nahastu egin zirela, baina ez. 

Lehen Espainiako Olinpiar Komiteak ematen zuen sari handiena kirol merezimenduaren domina zen –hori 2013an jaso nuen, Madrilen–. Domina horiek lortzeko irizpide batzuk bete behar izaten dira, eta hortik aurrera oraindik ere lorpen gehiago izan dituzten kirolariei esker ona adierazteko sortu dituzte garaikur berri hauek. Begiratu zuten zein kirolarik betetzen zituzten baldintza horiek, eta ni nengoen horien artean, nahiz eta ordurako lehiatzeari utzita nengoen. Baina garaikurra jasotzeko merituak eginda nengoen, eta hala jaso dut garaikurra.  

Aurten jaso duzu garaikurra, nahiz eta 2023ko abenduan izan zenuen haren berri. Bada atzerapena! 

Ez dute garaikurrak emateko tarterik aurkitu! 2024an eman behar zituzten, baina Espainiako Piraguismo Federazioak hauteskundeak egin zituen, eta nahikoa iskanbila izan zen. Urte hartan ez zuten urteroko gala egin, eta ez zituzten garaikurrak banatu. Aurten egin dute 2025ari zegozkion sariak banatzeko gala, eta garaikur horiek emateko aprobetxatu dute. Piraguista gehiagori ere eman diote Erramu Olinpikoa. Sari hori jaso dutenetatik bakarra ari da oraindik ere lehiatzen; beste denok errendimendu handiko jarduera dagoeneko utzita dugu.  

Zein izan dira sari hori jaso ahal izateko irizpideak? 

Kirol galan kontatu ziguten zein izan diren. Lehen irizpidea da txapeldun olinpikoa eta munduko txapelduna izatea –ez dute zertan biak urte bereko lorpenak izan behar–; bigarrena, gutxienez hirutan munduko txapeldun izatea, maila absolutuan; hori da nik bete dudan irizpidea, bost aldiz izan naiz-eta munduko txapeldun; hirugarren irizpidea, eta nik uste dut horretan hanka sartu dutela, zazpi Olinpiar Jokotan aritu izana da. Nor egon da zazpi Olinpiar Jokotan? Nor aritu da 28 urtez jarraian elite mailan? Jendeak zioen irizpide hori zorakeria bat dela.  

Zure kasuan, sekula ez zara Olinpiar Jokoetan izan, nahiz eta parte hartzeko zorian egon zinen. 

K-4 1.000 metroko distantzian aritu ginen. Sydneyko 2000ko Olinpiar Jokoetara joateko aukerak izan genituen, zuzenean ez, baina bai gonbidapen zuzenaren bidez, baina irizpide politikoak tarteko, federazioen arteko liskarrengatik, kanpoan geratu ginen. 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetara, berriz, ez ginen sailkatu 0,016 segundogatik. Orduan ere kanpoan geratu ginen.  

Olinpiar Jokoetara iritsi ez izanaren arantzarik ba al duzu?

Ez, eta gero eta gutxiago. Momentuan pena ematen dizu, horretarako borrokatzen egon zarelako urte askoan. Baina kontziente nintzen egin beharrekoa baino gehiago egin nuela, eta ezin nion nire buruari ezer aurpegiratu; nire esku nuen dena eman nuen, eta alde horretatik lasai nengoen.  

Atenasko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu ginen egun hartan bertan, Polonian, amorrua sentitu nuen hasieran, sailkapena oso hurbil izan genuelako. Baina, egun berean, maratoi modalitateko Munduko Txapelketan parte hartzera gonbidatu ninduten. Hasieran pikutara bidali nituen, baina ordu gutxira berriro etorri zitzaizkidan gonbidapen berarekin. Esan zidaten nire baldintza fisikoak egokiak zirela, azkarra nintzela, baina erresistentea ere bai, eta maratoirako ateak zabaldu zizkidaten. Kontatu zidaten Manuel Busto zain zegoela ea Olinpiar Jokoetara sailkatzen ginen edo ez jakiteko, eta sailkatzen ez baginen, nirekin osatu nahi zuela k-2a. Azkenean, baiezkoa eman nien, eta horrek bizitza aldatu zidan. Hilabetera Munduko Maratoi Txapelketa irabazi genuen. Ondo atera zen, eta orduan erabaki nuen pistako estropadak uztea.  

Beste ziklo olinpiko bat egiteko aukerarik izan al zenuen? 

Bai, proposatu zidaten pistan jarraitzea, baina lagatzea erabaki nuen, ez nituelako beste lau urte aguantatuko. Ez nuen halako sakrifiziorik egin nahi, ze akaso sari nagusia lortuko genuen, Olinpiar Jokoetara sailkatzea, baina agian berriro kanpoan geratuko ginen. Argi nuen beste lau urte horrela ez nituela egingo, ez nengoela prest azken eguneko azken unera arte zain egoteko. Nahiago nuen urtetik urtera lan egin, eta urtero jokatu maratoiko txapelketak. Ondo ateraz gero, primeran, eta bestela hurrengo urtean izango genuen beste aukera bat. Federaziotik esaten zidaten beste urtebete edo bi egiteko, gazteren bat formatzeko. Esan nien nahiago nuela gazte hark lau urte izatea, prestatzeko eta ontzira egokitzeko; gazte hark nik bere unean izan nituen aukera berak izatea nahi nuen. Maratoira pasatu nintzen, eta beste ate bat zabaldu zitzaidan. Garaipen gehienak lortu ditut, eta horregatik diot ez dudala Olinpiar Jokoetan aritu ez izanaren arantzarik.  

Sariak balio izango zizun egindako lorpenak gogorarazteko. 

Bai garaikurrak, baina baita galan erakutsitako irudiek ere. Oso azkar doan gizarte batean bizi gara, eta askotan ez gara gai lortutakoa baloratzeko. Nik ez nuen horretarako denborarik izan orain arte. Piraguismoa utzi nuenean, berehala eskaini zidaten Orion arraunean hasteko aukera. Hutsetik hasi nintzen, eta arrauna zer zen ikasi egin behar izan nuen, edozein hasiberri bezala. Ikasi egin behar izan nuen, postuak igo, ontzian lekua irabazi, estropadak irabazi, eta ez duzu denborarik atzera begiratzeko; beti aurrera begiratu behar zen. Kontxa irabaztea lortu nuenean, arrauna utzi egin nuen. Itxas Gainera itzuli nintzen, laguntzera, eta itsas kayak modalitatean hasi nintzen. Orduan berdin: gozatzen hasi nintzen, baina gero estropadak eta Munduko Txapelketak etorri ziren. Beterano mailako munduko bi txapelketa irabazi ditut. Horregatik irudi horiek erakutsi zituztenean, bost minutu hartu nituen atzera begiratzeko, eta baloratzeko zer lortu genuen. Normalean ez dugu tarterik hartzen gauza horiek oroitzeko. Agian egun bat hartu beharko genuke egindakoaz oroitzeko, eta ez datorrenaz.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide