Erakusleihoen apainketari buruzko ikastaroa antolatu du Gertu elkarteak

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 18a

Apaindutako erakusleihoa.

Formazio saioa herriko merkatariei zuzenduta dago, eta martxoaren 16tik 31ra bitartean emango dute, Foronda kultur etxean. Interesdunek aurrez eman beharko dute izena, eta epea datorren igandean itxiko da. 

Erakusleiho apainketari buruzko ikastaroa antolatu du Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak. Formazio saioa herriko merkatariei zuzenduta dago, eta, Gertuko kideen esanetan, "gaur egungo errealitatera eta negozioen beharretara" egokituko da.

Ikastaroa erakusleihoen apainketan eta barne diseinuan aditua den Orainart etxeak emango du, Foronda kultur etxean. Saioak martxoan izango dira, arratsaldetan, 14:30etik 16:30era bitartean, honako datetan: martxoaren 16, 17, 18, 23, 24, 25, 30 eta 31n.

Ikastaroko lekuak mugatuak izango dira, eta gehienez hamabi lagunentzako tokia egongo da. Interesdunek aurrez izena eman beharko dute zumaiaelkartea@gmail.com posta elektronikoko helbidera idatzita, edo 638 00 45 76 telefono zenbakira WhatsAppeko mezua bidalita. Izena emateko azken eguna otsailaren 22a izango da. 

Ikastaroa doakoa izango da, baina, antolatzaileek azaldu dutenez, ikastaroan erabiliko duten materialaren kostua 100 eurokoa izango da. Horietatik erdia elkareteak ordainduko du, eta beste erdia formazio saioko parte hartzaileak. Aipatu materiala erakusleihoa apaintzeko erabiliko dute ikastaroko parte hartzaileek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide