San Telmo jaietako lehen igandean aterako dira danborradak herriko kaleetara. Eguerdian haurrak izango dira protagonistak, eta gauez helduen txanda izango da. Haien burrunbekin igoko dute bandera Kofradiako balkoian.
Helduen danborrada prestatzen hasiak dira dagoeneko. Datorren ostiralean, hilaren 27an ekingo diete entseguei. Zumaiako Herri Eskolak Sagarbiden duen gimnasioan egingo dituzte saioak. Ostiraletan, 21:30etik 22:30era bitartean egingo dituzte, eta larunbatetan bazkalondoren, 15:00etatik 16:00etara.
Datorren ostiralean bertan egingo dute danborradaren inguruko informazio bilera, eta jarraian izen ematea zabalduko dute.