The game izeneko telesail britainiar baten bigarren denboraldirako irudiak grabatuko dituzte gaur arratsaldea eta gaua bitartean Zumaiako Aita Mari auzunean. 16:30ean hasiko dute filmaketa Aita Mariko plazan, eta dena ondo bidean, gaueko 02:30ean amaituko dituzte.
Bitxia izango da filmaketa. Izan ere, telesailak kontatzen duen istorioa Bretainia Handiko herri batean kokatzen da, eta, hala, Erresuma Batuko herri baten plantak egin beharko ditu Zumaiak grabazio horretan. Hori dela eta, telesaileko lokalizazio taldeak laguntza eskatu die Aita Mariko plazara ematen duten etxebizitzetako bizilagunei. Filmaketak iraungo duen orduetan leiho eta balkoietako pertsianak igota mantentzea eskatu diete justu.
Izan ere, aipatu telesaila ekoizpen britainiarra da, eta Zumaian grabatuta badago ere, fikzioa Erresuma Batuan gertatzen da, eta han ezda ohikoa pertsianak erabiltzea. Hori dela eta, eszenen ikusizko koherentziari eusteko, fatxadak pertsianak jaitsi gabe ikusteak asko lagunduko lieke. Argi utzi nahi izan dute filmazioa bide publikotik egingo dela, eta ez direla etxe barruak grabatuko.