Lucia Lacarrak A. I. (Amalur Indarra) ballet ikuskizuna estreinatuko du martxoko azken astean Bilboko Arriaga antzokian, eta zumaiarrei joan-etorria errazteko asmoz, autobus zerbitzua jarriko du Udalak martxoaren 29ko emanaldirako. Gainera, Lacarraren ekimenez, Zumaiako bizilagunek %20ko deskontua izango dute sarreretan.
Emanaldia 19:00etan izango da, eta 16:30ean aterako da autobusa Zumaiatik, eta herritarrek martxoaren 9tik 18ra arteko epea izango dute autobusean izena emateko. Horretarako nahiz sarrerak erosteko modua ezagutzeko, Alondegia Kultur Etxearekin jarri beharko da harremanetan: astelehenetik ostiralera, 9:30etik 14:30era bertaratu daitezke herritarrak, 943-86 10 56 telefono zenbakira deitu dezakete, edo mezu bat bidali alondegia@zumaia.eus helbidera.
Komentuan sortutako emanaldia
Lucia Lacarrak Matthew Goldingekin batera zuzentzen duen konpainiak Zumaiako Komentua Kultur Topagunean sortu du ikuskizun berria. Lacarra eta haren taldeko kideek hainbat astez aritu dira Komentuan lanean A. I. (Amalur Indarra) sortzeko, eta martxoaren 27an estreinatuko dute Adimen Artifizialaren inguruko hausnarketa zabaldu asmo duen ballet ikuskizuna. Zumaiako dantzariak hiru emanaldi eskainiko ditu asteburu horretan, eta hirugarrenerako antolatu du udalak autobusa, martxoaren 29ko ikuskizunerako.