Mujtar Leboihi Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariak hitzaldia eskaini du gaur, ostirala, Alondegiko Oxford aretoan. Mendebaldeko Sahararen 50 urteko erresistentziaz mintzatu da Fronte Polisarioaren ordezkari berria.
Darahli elkarteak abiatutako Lankidetza astearen bueltan antolatutako ekintzetako bat izan da Leboihiren hitzaldia, hala ere, ez da azkena izan. Igande iluntzera arte bisitatu ahal izango da Alondegiko Oxford aretoan muntatutako erakusketa. Saharar herriak erabiltzen duten tresneria erakutsi dute egunotan aipatu aretoan, eta elkarteak urte hauetan zehar egin dituen kanpainen inguruko txokoak ere tartea izango dute. Erakusketa egunero izango da zabalik, arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Bihar eta etzi eguerditan ere zabalduko ditu ateak, 12:00etatik 20:00etara bitartean.
Bestalde, bihar, 12:00etan hasita, umeentzako tailerrak eta jolasak izango dira. Eskulanak, gatz koloretuak, karetak edo pultserak egiteko aukera izango dute etxeko txikienek.