Eskola Kirolaren programako irteera egingo du Indamendik igandean

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 23a

Gudarien omenezko eskultura, Intxortan. (Wikimedia)

Kanpazar aldera egingo du Indamendik Eskola Kiroleko urteko bigarren irteera. Goizeko buelta izango da, eta Intxorta mendia (743) izango da txangoaren punturik garaiena.

Igande honetarako Eskola Kiroleko urteko bigarren irteera antolatu du Indamendik. Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan dagoen Kanpazar gainera joango dira mendizaleak, eta Elgetako (Gipuzkoa) inguruak ezagutu ostean, Intxorta mendia (743 metro) igoko dute. Goiz bueltako irteera honek 13 kilometro, 620 metroko desnibel positiboa eta 340 metroko desnibel negatiboa ditu. Beraz, hamaiketakoa motxilan eramatea gomendatu du mendi taldeak.

Autobusa 08:00etan aterako da Patxita Etxezarreta kaletik, Kantauri plazako geralekutik. Arroako bidesarian autobusa geratzeko aukera dago, betiere, denborarekin abisatuz gero indamendi1@gmail.com helbidera mezua idatzita. Aldatzeko oinetakoak eramatea gomendatzen da, autobusa ez zikintzeko. Zumaiako Udalaren laguntzari esker, autobusa doakoa izango da.

Irteeran parte hartu nahi dutenek Indamendiren webgunean eman beharko dute izena osteguna baino lehen.  Izena eman baina irteerara joan ezin dutenek 688 86 08 52 zenbakira deitu edo mezu bat idatzi dezakete.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide